‘Maps to the Stars’

Maps-to-the-Stars

Jatorrizko izenburua: Maps to the Stars

Urtea: 2014

Zuzendaria: David Cronenberg

Herrialdea: AEB

Sexuaren eta drogen eraginpeko Hollywoodeko errealitate kutsatuan, handinahikeria eta diru goseak gidatzen dituen norbanakoen beldur eta desirak azaleratu ditu Cronenberg kanadarrak, familia desegituratuen atzean ezkutatzen diren sekretuak gordinak eta itxurakeriak.

Nondik hasi? Agatha gaztea AEBtako Los Angeles hirira helduko da autobusez, eta limusina bat alokatuko du. Senide batzuk bisitatzera etorri dela kontatuko dio Jerome gidariari, eta umezain ibilitako etxera eraman dezan eskatuko dio; etxea zegoen lekua, baina, hutsik dago, eraikina erre egin zelako, Agatharen hitzetan. Ondoren, Havana aktorea ezagutuko dugu, zendutako amak egin zuen papera antzezteko irrikaz dagoen 50 urte inguruko aktorea. Laguntzailerik gabe geratu da. Eta istorioko hirugarren adarra: famatuen psikoterapeuta den aitak, aktore lanetan diharduen 13 urteko seme harroputzak eta haren ordezkari lanetan diharduen amak osatutako familia.

Istorioak aurrera egiten duen heinean, hiru pertsonaia-multzoen arteko harremana argitzen joango da, eta era berean, hasierako aurkezpenaren misterioa desagertzen. Baliteke, lehen unetik ikuslearengan sortzen den jakin-min eta lilura, eta proposamenaren konplexutasuna amaiera arrunt eta espero izatekoan hondoratu izana, baina era berean, kontaketaren erritmoak eta gertaeren bilakaerak filma atseginez jarraitzera behartzen du ikuslea. Indarkeriak paper garrantzitsua du, eta intzestu kasuek (ametsezkoak diruditen arren) pertsonaien arteko harremanak gaiztotzen dituzte, egin nahi ez dituzten ekintzak eginaraziz.

Julianne Moorek, Havanaren azalean, Canneseko zinemaldiko aktore onenaren garaikurra eskuratu zuen, baita Sitgesekoa ere. Eta hain zuzen, berea da antzezpenik distiratsuena. Mia Wasikowska gazteak, aldiz, ongi neurtutako pertsonaia du. Eta gainerakoek ere istorioa sinesgarria egiten lagundu dute. Orohar, erraz ikusten den filma.