efe_20150312_162648_pa22891helenataberna_23087_11

Helena Taberna zinegile nafarra Kanariar Uharteetan da egunotan El contenido del silencio izeneko bere film berria errodatzen. Daniel Grao, Goya Toledo, Juana Acosta eta Joxean Bengoetxea aktoreek, besteak beste, hartuko dute parte izen bereko Lucía Etxebarríaren eleberria oinarri duen thrillerrean.

Yoyes (2000), La buena nueva (2008) eta Nagore (2010) bezalako film eta dokumentalen zuzendari Helena Tabernak proiektu berria du eskuartean. Kanariar Uharteetako zinema ekoizpenentzako zerga-abantailak eta paisaia aproposa baliatuta, bertan errodatuko du Lucía Etxebarriaren El contenido del silencio eleberrian oinarritutako film homonimoa; dena den, interpretazio librea izango dela azpimarratu du zinegileak, eta thrilleren ohiko erritmo eta egitura izango dituela.

Protagonisten artean dira Daniel Grao, Goya Toledo, Joxean Bengoetxea, Ingrid Garcia, Ciro Miró, Maiken Beitia eta Juana Acosta. Errodajeak hainbat aste iraungo ditu, eta Kanariar Uharteetako leku ezberdinetan egingo dute.