Room

Bost urteko Jack mutikoa gela batean bizi izan da jaio zenetik. Bertan jan, jolastu eta ikasi egiten du, amaren ondoan, gaua iritsi arte. Iluntzetan, amak armairu barruan izkutatzen du haurra Nick zaharrak ikusi ez dezan. Gela bizileku bilakatu da Jackentzat; amarentzat, ordea, bertatik irteteko aukerarik ez duen logela jasanezina da. Zazpi urte daramatza bertan sartuta, bahitu zuten egunetik, eta haurrarekiko sentitzen duen maitasunak laguntzen dio aurrera egiten. Jacken jakin-mina hazi ahala, amaren desesperazioa ere areagotzen joango da. Arazoa laster konpontzen ez bada, gelako tentsio eta desesperazioak eztanda egingo du. 2015eko Torontoko jaialdian film onenaren saria irabazi zuen Lenny Abrahamson zuzendariaren lanak. Horrez gain, Urrezko Globoetan eta BAFTA sarietan emakumezko aktore onenaren saria eman zioten Brie Larsoni. Oscarretarako ere lau proposamen ditu.

Brooklyn

John Crowley zuzendari irlandarraren filma 50eko hamarkadan girotuta dago. Eilis gazteak Irlanda atzean utzi eta AEBtara bidaiatzea erabaki du. Bertan, mutil bat ezagutu eta erabat maiteminduko da. Une batetik bestera, bere familiak arazo larriak dituela jakingo du, eta bizileku berrian geratu ala jaioterrira itzuli erabaki beharko du. Zintak film britainiar onenaren saria jaso du, eta Saoirse Ronanek aktore onenaren beste horrenbeste sari.

Tenemos que hablar

Nuriak (Michelle Jenner) zoriontsu izateko behar duen guztia du: lanpostu on bat, etxe zoragarri bat eta eskontzeko eskatu berri dion bikotekide perfektua. Guztia duela dirudi, baina detaile txiki bat falta zaio: Jorge (Hugo Silva) aurreko bikotekidearengandik dibortziatzeko paperak. Nuriak bizitza berria eraikitzea lortu duen arren, Jorge traumatizatuta bizi da, eta min gehiago ez egiteko, plan bat prestatuko du neskak behar duena lortzeko. David Serrano zuzendari espainiarrak asteko komedia dakarkigu.

13 Hours: The Secret Soldiers of Benghazi

Libiako Benghazi hirian, AEBen kontsulatuan, 2012ko irailaren 11n jazotako eraso terroristaren berri emango digun akziozko filma. Indar berezietako erreskate taldeak egiten duen lana izango du hizpide Michael Bay zuzendari ezagunaren azken lanak.

La decisión de Julia

Julia Madril erdialdeko hotel batera abiatuko da, maleta txiki bat besterik ez daramala. Duela hogei urte izan zen hotel hartan, eta oraingoan ere, ostatu hartuta egon zen gela berdina hartuko du. Bertan bizitako oroitzapen politak oroituko ditu orduan, eta prest egongo da burutan duen erabakia aurrera eramateko. Norberto Lopez Amado zuzendari espainiarrak, besteak beste, Marta Belaustegui, Fernando Cayo, Josean Bengoetxea eta Yolanda Ulloa aktore taldea bildu du drama honetarako.

https://youtu.be/tunEEZUpaUA

The Forest

Sara bere bikiaren bila dabilen neska gaztea da. Bikia Japoniako Aokigahara basoan desagertu zen, eta Sara ere basoan barrena sartuko da itsututa, jendeak esandakoari entzungor. Bertan, hildakoen arima atsekabetuei aurre egin beharko die. Beldurrezko generoaren zaleentzako filma dugu honakoa.