Thriller-korearra-Gaizka-Izagirre-Zinea.eus-07

Blogaren azpitituluan diodan bezala, zazpigarrena hizkuntza desberdinetan ikusi, egin, sentitu, ulertu eta maitatzen den artea da. Hori argi utzi ostean, aitorpen txiki bat egin beharrean nago: film bat ikusterako orduan, inolako aurreiritzi edo trabarik gabe egiten dudan arren, ez dakit zer gertatzen zaidan ekialdeko zinemarekin. Bai, nire garunak muga-ikusiezin moduko bat sortzen du, eta ikaragarri kostatzen zait ekoizpen horietan murgiltzen ausartzea. Interpretazioaren arloa da gehienetan sinesgaitza egiten zaidana; jakin badakit, beraien kulturari loturik daudela egiten dituzten hainbat keinu eta ekintza, baina maiz gehiegizkoak iruditzen zaizkit.

Aitorpen txiki hori egin ostean, kontuan izan “maite ditut thriller korearrak” aukeratu dudala izenburu gisa; pentsa zer nolako pisua duten, zuei gomendioa luzatzeko! Bai, ekialdeko zinemaren itsaso zabal horretan, oso gustuko dudan irla bat ageri delako: thriller korearra. Azken urteotan, Hego Korea izan da pelikularik interesgarrienak egin dituen herrialdeetako bat; genero fantastikoan eta thrillerretan, bereziki. Ezagunak dira indarkeria esplizituki agertzeko duten zaletasunagatik, baina baita umore beltzarekin nahasteko duten ahalmenagatik ere. Askotan esango zenuten “sekulako nagitasuna sortzen dit Asiatik datozen filmak ikustea” esaldia, nik ere behin baino gehiagotan errepikatu dudala dut, baina sinistu iezadazue thriller  korearrak desberdinak direla esaten dudanean. Teknikoki bikainak, gidoi sendodun istorio ilunak, biolentzia esplizitua gainezka duten sekuentzia bortitzak eta interpretazio paregabeak  -kontrapuntu gisa, maiz ageri da “pailazo” edo umore ukitua jartzeko gaitasuna duen pertsonaiaren bat- .

Thriller-korearra-Gaizka-Izagirre-Zinea.eus-09

Mendebaldeko narratibarekiko antzekotasun handia dutela esan daiteke, bai. Baita zinema komertzialaren antzeko arauak jarraitzen dituztela ere, ados. Baina Hollywoodeko film batek zeharkatuko ez lituzkeen muga horiek hausteak, thriller korearra azpigenero batean bilakatu duela pentsatu izan dut beti. Istorio gehienetan loratzen den kodizia eta mendekuaren bilaketa horrek sen ona traizionatu daitekeela erakusten duelako. Pertsonaien portaera irrazional horrek gure mundua zeharo suntsitu duela, alegia.

Filmon erakargarritasunaren gakoa bizi ditugun garai kezkagarri honekiko duten loturan aurki dezakegu. Gizarte korear horren ikuspegi iluna, planteatzen diren gai gehienen hazkuntza-likidoa baita. Mitologia fantastikotik eta mamu mendekarietatik haratago, benetako beldurra, errealitatean bertan topa daitekeelako. Horixe da thriller korearrek maiz jariatzen duten biolentzia eta basakeriaren zergatia. Herrialde nordikoetatik datozen Nordic Noir filmekin gertatzen den bezalaxe. Danimarka, Suedia, Islandia ala Norvegia arrakasta handiz ari dira euren ekoizpenak mundu osora esportatzen. Gu guztiok idealizaturik dugun gizarte horrek miseriak ere badituela nabarmentzen duten istorioak jorratuz, batik bat. Eta benetako beldurra, gure lasaitasuna eten dezakeen beldurra, bizi dugun garai latzetan topa dezakegulako. Gidoiaren barneko pertsonaia eta kokalekuak lantzerako orduan, ikuslearengan enpatia sortzea da gakoa, identifikatuta sentitzea. Horretarako, ezinbestekoa izaten da polizia-tramaren azpian, bahiketa kasuaren tartean ala beldurrezko pasarteen muinean, gizarte-gaiak lantzea. Azken batean, modu sotilean herrialde jakin horren erradiografia erakustea. Eta hori da, hain zuzen, thriller korearretan topatuko duguna. Thrillerra bai, baita akzioa, beldurra, odola eta umorea ere. Baina batez ere, gizarte korearraren eskaner txiki bat.

Thriller-korearra-Gaizka-Izagirre-Zinea.eus

Dena den, esan beharra dugu generozko film korearrak ez direla inoiz ikusle korearraren gustukoenak izan. Beldurra, fantasia eta thrillerrak azken postuetara baztertu ohi dituzte (animazioa eta zinema erotikoaren gainetik soilik). Lehen postuetan, nola ez, melodramak, zinta erromantikoak, komediak… aurki ditzakegu.

Thriller-Korearra-Gaizka-Izagirre-Zinea.eus-08

Thriller-Korearrak-Gaizka-Izagirre-Zinea.eus-02

Baina tira, sasi-intelektual jaka esekitokian zintzilikatuko dut behingoz eta txapa hau alde batera utziko, filmak ikusteko gonbidapena lutzatzea baita egin dezakedan gauzarik onena. Emandako argudio guztiak ahul geratzen direlako filmok duten indarren aurrean. Argudio sendoenak pantailan topatuko dituzue. Hortik aurrera, bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.

Asko daude, jakina, baina “ezinbestekoak” aipatze aldera, Memories of murder (Salinui chueok) zerrenda horretako filmen artean ezinbestekoena litzateke. Zodiac eta Seven filmen ukituak dituen istorio indartsuak 2003ko Donostiako Zinemaldian zuzendari onenaren saria eman zion Bong Joon-hoo zinegileari. 1986ko Hego Korean girotutako filma. Neska gazte bat bortxatu eta erahil egin dute. Bi hilabete geroago, “modus operandi” berarekin akabatutako biktima gehiago azalduko dira. Serieko hiltzaile horren kasua ikertu bitartean, elkarren artean oso desberdinak diren bi poliziaren istorioa ikusi ahal izango dugu. Interesgarriena, 80ko hamarkadako Korean girotua dagoela, eta diktadura militarraren kiratsa nabari dela airean. Guzti horrek, pertsonaia bitxi horiek sakontasun mamitsuz eraikitzea ahalbidetzen du. Istorio gogorra, iluna, nahasia, harrapakorra eta umore beltz ukitu zoragarriduna. Gidoia, interpretazioak, argazkia, musika…ezin “baina”-rik jarri film paregabe honi! Thriller bat dela argi dago, baina baita drama politiko-sozial bat, eta zergatik ez, beldurrezko film bat ere.

Thriller-korearra-Gaizka-Izagirre-Zinea.eus-10

Oraindik gosez? Iluntasun horren barruan galtzeko irrikaz bazaudete, ez galdu orduan izkina guztietatik zinema beltza jariatzen duen A bittersweet life (Dalkomhan insaeng, Kim Jee-woon, 2005) bikaina. Basatia eta zoragarria era berean.

Ala zergatik ez duzue tentsioz beteriko The Chaser (Chugyeogja, Na Hong-jin, 2008) thriller gupidagabea ikusten, sabelean ukabilkada lehor eta mingarria bat sentitzen duzuen bitartean? Dasta ezazue bestela Park Chan-wook zuzendariaren The Vengeance trilogy ezaguna. Oldboy (2003) zalantzarik gabe, trilogiako beste bi lanen gainetik dago. Borroka sekuentzia ikusgarriak, gordinak eta urduritasun ukitu batekin errodatuak. Dena den, gomendagarria da beste biak ere ikustea: Sympathy for Mr Vengeance (2002) eta Sympathy for Lady Vengeance (2005). Beldur ukituak dituen thriller-poliziako baten bila zabiltzatela?  I saw the devil (Akmareul boattda, Byung-hun Lee, 2010) duzue aukera onena. Bortitza, gogorra, odoltsua eta gordina. Gogoangarria bi protagonisten arteko duelua. Erokeria, mendekua eta heriotzari buruzko ezinbesteko filma.

Thriller-korearra-Gaizka-Izagirre-Zinea.eus-06

The Yellow Sea (Hwanghae, Na Hong-jin, 2010), Ddongpari (Breathless, Yang Ik-june, 2008), A Dirty Carnival (Biyeolhan Geori, Yoo Ha, 2004), The Man from Nowhere (Ajeossi, Lee Jeong-beom, 2010), Mother (Madeo, Joon Ho Bong, 2009)… asko dira ezinbestean ikusi beharrekoak. Ez izan, beraz, beldurrik aurreiritzi horien hesiak hausteko, eta ausartu ekoizpen hauek ezagutzen. Nik, muga horiek aspaldi hautsi nituenez, ozen esan dezaket, thriller korearrak maite ditudala.

Thriller-korearra-Gaizka-Izagirre-Zinea.eus-04