Marijose Barriola Gutik ZURA proiektuaren zuzendaria da. Berarekin ari dira lanean Jon Maia bertsolaria, Pixel ekoizpen etxea, eta Oninart komunikazio enpresa, egurraren balioa gizarteratzen lagunduko dien ikus-entzunezko dokumentala osatzen. 64. Donostia Zinemaldian estreinatzeko asmoa dute, eta crowdfunding kanpaina ere abian jarri dute, herritarren parte-hartzea sustatzeko. Proiektuaren nondik-norakoak azaldu dizkigu.

Herri jakinduria asko galtzen ari ginela-eta kezkatuta, egurraren sektorean ibilitako aiton-amonei elkarrizketak egiten hasi zen Barriola orain bizahiru urte. “Ez dakit zorra den, ala beharra… baina jakinduria hori bildu eta gizarteratzea erabaki nuen”, azaldu digu, eta elkarrizketa haietatik abiatuta, dokumental bat osatzen ari da 2016an. Egurraren iragana, oraina eta etorkizuna aztertuko dituen lana irailean estreinatzeko asmoa du.