La belle saison

Iazko Cesar sarietan emakumezko aktore eta taldeko emakumezko aktore onenen kategorietan proposatu zituzten Cécile de France eta Izïa Higelin gazteak Catherine Corsiniren La belle saison filmean egindako lanagatik. Filmak 1971ko Parisera eramango gaitu, eta Delphine eta Carole gazteen maitasun istorioa pantailaratuko digu. Lehena nekazal herri batetik helduko da hiriburura, independentzia ekonomikoa lortzera. Isila da, eta badaki emakumeak gustuko dituela. Bigarrena, aldiz, mugimendu feministaren hastapenak bizitzeko irrikaz dago, eta Alexandre maite du. Elkar ezagutuko dute, eta bien bizimoduak erabat aldatuko dira.

Body/Cialo (Soeurs)

Poloniatik helduko zaigu iazko Berlingo jaialdian zuzendari onenaren saria eskuratzeko balio izan zion Malgorzata Szumowskaren lan berria, Body/Cialo. Janusz epailea, anorexia duen alaba Olga eta gaztea tratatuko duen Ana psikologoa dira drama honetako protagonista nagusiak. Filmak haien arteko zailtasunak islatuko ditu, eta elkar laguntzeko duten beharra agerian utziko du.

Independence Day: Resurgence

Roland Emmerich zinegile estatubatuarrak gidatu du 1996ko Independence Day film arrakastatsuaren bigarren atala Liam Hemsworth, Jeff Goldblum, Bill Pullman, Maika Monroe eta Jessie T. Usher aktoreen laguntzarekin. Hogei urte lehenago estralurtarren bidez lortutako teknologia erabiliz, Lurra babesteko defentsa programa erraldoi bat eraiki dute estatuek. Baina eraginkorra izango al da sistema eraso berri baten aurrean? Erantzuna, zinemetan duzue.

Me Before You

Britainia Handian girotutako drama erromantiko estatubatuarra. Louisa (Emilia Clarke) gaztea landa eremuko herri txiki batean bizi da, eta hainbat lan egin ditu azken aldian gurasoei laguntzeko. Bere bizitzak, baina, 360 graduko aldaketa jasango du Will Traynor (Sam Claflin) aberatsaren gazteluan lan egitea onartuko duenean; Traynorrek istripu bat izan zuen bi urte lehenago, eta geroztik gurpildun ahulkian dabil. Thea Sharrockek gidatu du lana.

Ein Hologramm für den König

Eta Alemaniatik Tom Hanks buru duen road moviea helduko zaigu zinemetara. Alan Clay atzeralditik ihesi, Saudi Arabiara joango den enpresaria da, eta bertan jazotakoak kontatuko ditu Tom Tykwer zinegileak, komedia eta drama uztartuz.

Demolition

Jea-Marc Valléek, halaber, New Yorkeko bankari baten bizimodua eraman du pantaila handira. Davis (Jake Gyllenhaal) du izena, eta emaztea auto-istripuz hil zitzaionetik, nahaste emozionalari aurre hartu ezinik dabil.

Everybody Wants Some!!

Eta AEBetatik, gainera, asteko komedia zoroa datorkigu: Everybody Wants Some!! Richard Linklaterrek gidatu du 80ko hamarkadan girotutako lana, 1993an aurkeztu zuen Dazed anda Confused zoroari jarraipena ematen diona, nolabait. Gazte protagonistak Unibertsitatean hastekoak dira, eta heldutasunak berarekin dakartzan ardurak gainean dituztela ohartuko dira.

Mi panadería en Brooklyn

Eta AEBetatik mugitu gabe, New Yorkeko Brooklyn auzoko okindegi batera joango gara. Vivian eta Chloe lehengusinek oinordetzan jasoko dute izebaren okindegia, eta bankuak bertatik bidali ez ditzan, jo eta ke egin beharko dute lan, bien arteko ezberdintasunak albo batera utziz. Aimee Teegarden, Linda Lavin, Blanca Suarez, Aitor Luna eta Ernie Sabellak, besteak beste, hartu dute parte Gustavo Ronek gidatutako ekoizpen espainiarrean.

1944

Izenburuak iradokitakoaren haritik, Elmo Nüganenen filmak 1944an gerran ziren soldadu estoniarren ikuspegia islatuko duen filma. Märt Pius, Mait Malmsten, Ain Mäeots, Magnús Mariuson eta Kristjan Sarv, besteak beste, dira aktore nagusiak.

https://youtu.be/zIqt9y4bhoU