Un-homme-a-la-hauteur-Zinea.eusZuzendaria: Laurent Tirard

Urtea: 2016

Herrialdea: Frantzia

Diane (Virginie Efira) emakume eder bat da, abokatua ogibidez, eta dibortziatu berria. Etxean dagoenean gizon ezezagun baten deia jasoko du, telefono mugikorra kafetegi batean ahaztuta utzi duela ohartarazteko. Alexandreren (Jean Dujardin) ahotsak eta pertsonalitateak Dianeren interesa piztuko dute, eta berarekin geratzea erabakiko du. Aurrez aurrekoan, ordea, ez du espero duen gizona aurkituko; txikiegia, bere gusturako.

Zalantza handiak izan ditut kritika hau idazteko garaian, pelikulari ez baitiot hutsunerik aurkitu bere helburu nagusiari dagokionez: 98 minutu atsegin eskaintzea. Aldiz, komedia biribila izan arren, aktoreek lan bikaina egin badute ere, filmak kontraesan handi bat dauka, eta ezin nuen pasatzen utzi. Maitasun erlazio batean itxura fisikoak duen garrantzia lehen lerrora eramango du Laurent Tirardek, pertsonaren barne izaera garrantzitsuena omen dela aldarrikatzeko. Bada, zuzendari frantziarrak ez du bere hitza ehuneko ehunean beteko. Izan ere, gizon protagonista gorpuzteko Jean Dujardin aukeratu du, eta ez altuera txikiko aktore bat; nano bat, alegia. Nahiago izan du Alexandreren muga fisikoa ordenagailuz egokitu, Frantziako zinemako galaietako bati papera nola edo hala emateko. Emakume protagonista erakargarria da oso, eta Laurent Tirardek jakin badaki istorioa soilik dela posible Alain Delon berria bertan egonez gero. Azalkeria, azalkeria salatzeko?

The Artist pelikularekin gailurra jo zuen Jean Dujardinek, aktore onenaren Oscar saria jasota. Amarruari argi berdea emateko pisuzko arrazoia badela esango dute askok, frantziarrak lan bikaina egingo baitu oraingoan ere. Komedia bat dela esango dute beste askok, eta aipatutakoari buelta gehiegirik ez emateko, jolasaren parte delako. Ados, ez dut zaurian gehiago eragingo, baina ikusleak jakin dezala filmak ez duela ikasgai sendorik; alde horretatik, ez du ekarri sinesgarririk egingo. Entretenimendua, berriz, primerakoa izango da. Horretan ez du hutsik egingo.

Gauza on asko daude kontatzeko. Freskoa da filma, umore azkarrekoa eta eszena eta elkarrizketa zorrotzekin. Oso komedia frantsesa da, eta halakoak maite dituztenak asetuta irtengo dira zinema aretotik. Gogoetarako momentuak ere utziko ditu lanak. Dianek espazio asko okupatzen duela esango dio Alexandreri, arkitekto aberats eta karismatikoa erdigunean baitago uneoro. Eta abokatuak arrazoi osoa du, ni, ni eta ni jardungo baita gizon protagonista egunerokoan, bere muga fisikoa baino beste arazorik ez balego. Pertsona tematia ere bada, erdibiderik ez duena: bai edo ez, ezker edo eskuin. Izaera hori nahikoa izan beharko litzateke erlazioari uko egiteko, nire iritziz. Horregatik, altuera egokia izanda ere, Alexandre ez nuke printze urdin izendatuko, ezta gutxiagorik ere. Hala ere, ziur naiz Dianek ez lukeela gauza bera pentsatuko. Halakoetan, erantzun bat aurkitzeko orduan, esaera zaharretara jotzea ohi da gomendagarriena: Eder edo itsusi, zein begik ikusi.