Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak gidatuta, agerraldia egin dute gaur Zinemaldiko arduradunek Madrilgo Arteen eta Zientzia Zinematografikoen Akademian, aurtengo jaialdian eskainiko dituzten espainiar estatuko ekoizpenen berri emateko. Orotara lau euskal produkzio izango dira irailean ikusgai; hiru Zabaltegi-Tabakalera sailean, eta laugarren bat Belodromoko emanaldi berezian.

Donostia-Zinemaldia-Euskal-Ekoizpenak-Zinea-eus

Koldo Almandozek zuzendutako eta Txintxua Films ekoizpen etxeak ekoitzitako Sipo Phantasma film luzea Zabaltegi-Tabakalera sailean lehiatuko da 64. Donostia Zinemaldian. Eta aurtengo Kimuak katalogoko bi lan, Mikel Ruedaren Caminan (Bidean) eta Maria Elorza eta Maider Fernandezen Gure hormek / Our walls ere, sail horretan izango dira ikusgai, lehiaketatik kanpo.

https://vimeo.com/160712600

Aldiz, Donostia 2016ren ikus-entzunezko proiektu entzutetsuena den Kalebegiak, Belodromoko emanaldi berezi batean emango dute, 3.000 lagunen aurrean. Ekimenak Donostia oinarri duten hamabi film labur biltzen ditu, horietako bederatzi euskal zinegile konsagratuk egindakoak: Koldo Almandoz, Asier Altuna, Luiso Berdejo, Daniel Calparsoro, Borja Cobeaga, Telmo Esnal, Isabel Herguera, Julio Medem, Izibene Oñederra, Gracia Querejeta eta Imanol Uribe. Haiez gain, lehiaketa bidez aukeratutako beste hiru proiektuk osatzen dute Kalebegiak luzea; hala nola, Las Chicas de Pasaik kolektiboak, Iñaki Camachok eta Ekain Irigoienek egin dituzte lanok.

Azken bi urteetan ez bezala, aurten ez da euskal ekoizpenik lehiatuko sail ofizialean. Iaz Asier Altunaren Amama izan zen, eta 2014an Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak.