Gui lai (Regreso a casa)

Txinatik datorkigu 2014ko Cannesko zinema jaialdian aurkeztu zuten eta iaz Donostia Zinemaldiko Perlak sailean ikusgai izan genuen drama ederra. Zhang Yimouk 70eko hamarkadako iraultza kultural txinatarrean girotu du filma; hiru urtez preso politiko izandako Lu Yanshi etxera itzuliko da orduan, eta haren zain dagoen emazteak amnesia duela jakingo du. Hala, senarraren esperoan emango ditu egunak, alboan duela jakin gabe. Egoera zail horren aurrean, alabak bitartekari lanak egingo ditu.

Suicide Squad

Will Smith, Jared Leto, Margot Robbie, Jai Courtney, Cara Delevingne, Adewale Akinnouye-Agbaje eta Jay Hernandez aktoreak superheroien koadrila zoro bilakatuta datoz David Ayerek gidatutako thriller fantastikoan. Izan ere, A.R.G.U.S. agentzia sekretuko kide Amanda Wallerrek konponbide interesgarria emango dio estralurtarren eraso berriari: gaizkile magiko eta krudelenak bildu eta haientzat lan eginaraztea. Bilauek ez dute aukera handirik izango proposamenari ezezkoa emateko, eta beraz, urteetako espedientea garbitzeko, lanean hasiko dira.

The Secret Life of Pets

Udan ohikoa den eran, Universal etxeak animaziozko komedia berria estreinatuko du aste honetan: The Secret Life of Pets. Gru bilauaren eta haren lagun Minionen abenturen ostean, New Yorkeko eraikin batean, hainbat apartamentutan, bizi diren etxeko animalien bizimodu ezkutura egingo dugu jauzi. Max txakurra zoriontsua da bere jabearekin, honek Duke izeneko beste txakur bat etxera ekarriko duen arte. Ez dira elkarrekin ongi moldatuko, baina indarrak batu beharko dituzte Snowball untxiaren planen aurrean. Izan ere, utzitako animaliekin armada indartsua osatzen ari da untxia, zoriontsu bizi diren etxeko animaliei mendekua hartzeko.

https://youtu.be/djFUqhbXSwA

La memoria del agua

Matíaz Bize txiletarrak semea galdu berri duen bikote gazte baten errealitatera hurbilduko gaitu La memoria del agua filmean. Galeraren ostean, minak oso era sotilean bananduko ditu senar-emazteak, eta pixkanaka euren bizitza berriak eraikitzen hasiko dira, bikote gisa izan zirena ahaztu gabe. Baina berriro elkartzeko aukera azalduko denean, erabaki zail bat hartu beharko dute. Elena Anaya eta Benjamín Vicuña dira filmeko aktore nagusiak.

May in the Summer

Cherien Dabisek zuzendu eta antzeztutako komedia dramatikoa Sundanceko jaialdian lehiatu zen 2013an. Aspaldiko partez sorterrira, Jordaniara, itzuliko den emakumea gorpuztuko du Dabisek May in the Summer filmean, eta gurasoek banantzeko asmoa dutela jakingo du orduan.