Datorren irailaren 8an, Nick Cave & The Bad Seeds protagonista duen One More Time with Feeling filmaren estreinaldi globala egingo da munduko hainbat aretotan  —tartean Bilboko Zubiarten eta Barakaldoko Yelmo Megaparken—  egun bakar batez. Hain justu, taldearen azken albuma, Skeleton Tree, mundu osoan argitaratuko den bezperan. Sarrerak dagoeneko salgai daude Internet bidez; hortaz, ikusi nahi duenak badaki zer egin.

Nick-Cave-Zinea-eus-Cliff-de-Hory-01

One More Time with Feeling dokumentala azken diskoan eta haren grabazioan ardaztuta dago, eta Andrew Dominikek zuzendu du (Killing Them Softly). Sarritan esan da Cave zoriontsu okitua izan dela bere bizi osoan, eta aspaldi behar zuela hilik egon. Edozein modutan ere, iaz gertaera hagitz erdiragarri bat jazo zen; izan ere, haren 15 urteko seme bikietako bat Brightongo labar batetik behera amildu eta zerraldo hil egin baitzen. Gaztetxoa LSD hartuta zegoen. Skeleton Tree izango da harez geroztik australiarrak kaleratuko duen lehendabiziko lana. Jakin-min itzela dago, beraz. Hurrengo postean arituko naiz film berriaz; oraingoan, ostera, estreinaldi hori aitzakia hartuta, Nick Caveren 80ko hamarkadan zineman eginiko ibilbidea laburbiltzen saiatuko naiz.

Nick-Cave-Zinea-eus-Cliff-de-Hory-02

Nick Caveren estreinako kontaktua zinemarekin Heiner Mühlenbrock errealizadore alemaniarraren bitartez gertatu zen 1983an, hark filmatu baitzuen Mutiny, The Last Birthday Party. Hain zuzen, Bad Seeds taldea sortu aurretik, Birthday Party taldearen (Caveren orduko banda) azken diskoaren grabazioa —Mutiny! (Errebolta!)—  dokumentatzen zuen filma. Pelikula hark grabaketako pasarte batzuk bildu zituen nahiko era loturagabean. Nolanahi ere, dokumentu interesgarria da banda zaharraren heriotza eta berriaren pizkundea jaso zituelako Berlinera aldatu berriak zirenean; alegia, gerora partaide guztientzat hain garrantzitsua izango zen hiria. Bertan atzeman daiteke ze anabasatan bizi ziren orduan Cave eta gainerakoak; jakina, Birthday Partyk ezin zuen luzaroan iraun. Esan behar da pelikula hau ez zela 2008ra arte argitaratu, eta zale amorratuentzat baino ez dela gomendagarria.

Mühlenbrockek berak garai bertsuan Die Stadt (Hiria) izeneko dokumentala ere filmatu zuen Mendebaldeko Berlingo pertsonaia batzuen inguruan, besteak beste, Nick Cave. Halaber, filma Birthday Partyren musikaz lagundu zuen.

Nick-Cave-Zinea-eus-Cliff-de-Hory-03

Australiarraren hurrengo harremana zeluloidearekin, Win Wenders handiaren eskutik heldu zen hamarkadaren erdialdera, eta aipatu behar da egundoko bultzada eman ziola musikagilearen ospe eta izen onari. Der Himmel über Berlin (Zerua, Berlin gainean, 1987) film ederrean zuzendari alemaniarrak momentu ahaztezinak utzi zizkigun Cave eta Hazi Gaiztoak kontakizunaren erdigunean kokatuz; izan ere, filmeko protagonistaren talde maiteena zen. Hala eta guztiz ere, egiari zor eta atrebentzia onartzen badidazue, nire ustez filmeko atmosfera musikalik gorenak Crime & the City Solution talde cavetarrarekin erdietsi zituen Wendersek.

Sasoi bertsuan ere, Stranger in a Strange Land (Arrotza Lurralde Arrotzean, 1987) dokumentala filmatu zuen Bram van Splunte holandarrak. Izenburua esanguratsua da eta, zalantzarik gabe, hauxe da ikusi beharko zenuketen garai hartako dokumentala (oraindik ikusi ez baduzue, noski).  Bertan Cavek sarri hitz egiten dio kamerari hainbat kontu intimo aitortuz. Era berean, dokumentalak zenbait momentu gogoangarri utzi zizkigun, adibidez, Mick Harveyren (kantariaren ibilbidea ulertzeko giltzarri den pertsonaia) iritzi eta iruzkin buruargiak taldekideari buruz; Harveyk berak Your Funeral My Trial abestiaren bertsio bat pianoz interpretatua; edota dokumentalaren amaieran, egin zaion galdera gogoko ez duela-eta, Cavek film-egilearekin duen ika-mika. Halaber, orduko Berlin harresiduna erakusten duten irudiak ere erabat erakargarriak suertatzen dira. Ingelesez hala-hola bazabiltzate Youtuberen ingelesezko azpititulu automatikoak aktibatzea gomendatzen dizuet lagungarri moduan.

Hurrengo urtean, 1988an, Cavek beste esperientzia bat izan zuen zazpigarren artearekin. Peter Sempleren Dandy arte eta saiakerako lanak aipatutako Die Stadten ildoari jarraitzen zion eta Berlingo hainbat pertsonaiaren pasadizoak erakusten zituen, Voltairen testu bat oinarri hartuta.

Urte berean, Cavek film baten sorkuntzan parte hartzea lortu zuen lehenengoz. Australiarrak askotan esana zuen film baten gidoian eta antzezpenean jardun nahi zuela, eta helburua bete ere egin zuen azkenean. Ghost… of The Civil Dead fikziozko film luzea John Hillcoatek zuzendu zuen —gerora hamaikatxo bideoklip eta film-kolaborazio egingo zituzten elkarrekin—. Esan bezala, Cavek gidoiaren idazketan esku hartu zuen (era marginal batean, egia esanda) eta antzezle ere aritu zen. Ezin esan film biribila denik, baina, Caveren zalea izanez gero, ikustalditxo bat merezi duelakoan nago. Akzioa Australiako segurtasun handiko espetxe teknologizatu eta ezin modernoago batean agitzen da Australiako basamortuaren erdian, eta egiazko gertakizunetan oinarrituta dago Jack Henry Abbotten liburu batean abiaburu duelarik. Soinu bandaren ardura Cavek Harveyk eta Blixa Bargeldek hartu zuten.

Hamarkadaren bukaeran, Uli M. Schüppel zinema-ikasleak cinéma-vérité ildoko film bat egin nahi zuen Berlingo Film Eskolan graduazio lantzat aurkezteko. Emaitza The Road to God Knows Where (Jainkoak Daki Ze Errepidetan, 1990) izan zen. Ordurako, abeslaria lehenengoz saiatua zen opiazeoei uzten eta, errehabilitazio-zentro batean egonaldi bat egin ostean (auzitegiek behartuta), Nick Cave eta haren taldea AEBtara abiatu ziren lau asteko bira egitera. Filma zuri-beltzean filmatuta dago eta, batez ere, errepideko eta back stageko momentuak agertzen ditu; izan ere, dokumental hau oso urrun baitago rokanrol-taldeen bizimodu glamurosoa erakusten duten filmetatik. Une xume eta arruntak jasotzen ditu batik bat, gehienetan musika alde batera utziz. Aipatu behar da oso aurrekontu murritzarekin jardun zutela eta, esaterako, filmaren audioa cassette batean grabatu behar izan zutela magnetofoi batekin. Nick Caveri asko gustatu zitzaion filma. Hala ere, australiarraren orduko adiskide askok esan zuten pantailan ikusten zuten laguna eta ezagutzen zutena ez zetozela bat; hau da, Cavek presenteegi izan zuela kamera filmaketa osoan. Dena den, kontuan hartu behar da urte hartan ere —drogamenpekotasuna utzi berritan, beraz— Cavek berak adierazi zuela ordura arte kontzertuetan izandako publikoarekiko pertzepzioa zeharo irreala izan zela. Hemen duzue dokumentala osorik.

http://www.dailymotion.com/video/x34ft49?GK_FACEBOOK_OG_HTML5=1