pixi-post-zinea-eusGabonetarako mezu argi batekin estreinatuko dute animazio film berria: “Gora dibertsitatea!”. Pixi Post eta opari-emaileak familia osoari zuzendutako lana da, nahiz eta bereziki umeentzat izan.

Pixi Post da filmaren protagonista, neska elfo bat. Duela mende asko, Gabonetako Jeinuen Biltzarrak Monopolish  izeneko jeinu gaiztoa kaleratu zuen, eta orain, urte hauetan guztietan prestatu duen mendekuarekin itzuliko da. Bere plana jeinu guztiak Gabonetako iragarki bihurtzea izango da. Baina horri aurre egiteko, Jeinuen Biltzarrak  Pixi Post izango du, Gabonen Zaindaria.

Gabonak gaitzat hartuta, itxura aldetik eta edukien aldetik ezberdina den film bat egin dute: mundu guztiko Gabonetako jeinuak elkarlanean ikusiko ditugu, hainbat kultura elkarbizitzan eta bata besteari laguntza ematen. Gainera, hau guztia modu koloretsu nahiz irudimentsuan egin dute.

Animazio filmaren zuzendaria Gorka Sesma da, argumentuaren sortzaileak Juanjo Elordi eta Edorta Barruetabeña, eta gidoigilea Edorta Barruetabeña. Egileak Somuga, Bitebilau eta Digitz Films dira.  Euskal Herrian eta Espainiar estatuan Barton Filmsek egingo du banaketa, arte zuzendaria Mikel Louvelli da eta musika Michael Plowmanena da.

Pixi Post eta opari-emaleak ETBren produkzio elkartuarekin eta Euskaltelen partaidetzarekin egin da. Babesleak, berriz, Eusko Jaurlaritza, ICAA, Gipuzkoako Foru Aldundia, Ibermedia eta Proimágenes Colombia dira.