51. Durangoko Azoka euskal kulturaren agertoki bilakatuko da abenduaren 2tik 6ra bitartean. Ikus-entzunezkoek badute euren gunea: Irudienea. Bertan, urteko euskal film laburrak, luzeak, dokumentalak, fikziozkoak… ikusteko aukera izango da.

20 emanaldi baino gehiago egingo dituzte aurten, eta Zugaza zineman kokatuko da euskal zinemaren gunea. Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta, proiekzioez gain, aurkezpenek eta eztabaidek osatuko dute egitaraua.irudienea-02

Ostiralean, “Nola egiten dira marrazki bizidunak” tailer praktikoa izango da lehenengo ekimena, eta larunbatean, Kameratoia izeneko rally txapelketa abiatuko dute.  Asteartean, 18:00etatik 20:00etara izango da honen sari banaketa ekitaldia.

Gainera, Donostiako Zinemaldian ikusgai egondako Patxo Telleriaren Igelak (ostiralean, 19:00etan) eta Koldo Almandozen Sipo phantasma (larunbatean, 19:30ean) filmak proiektatuko dituzte. Horrez gain, Jon Abrilen Neskatoak dokumentala (igandea, 15:00etan), Euskadiko Filmategiak hautatuko Kimuak katalogoko hainbat film labur (igandean, 11:00etan), eta, Mari Jose Barriolaren eta Jon Maiaren Gutik zura dokumentala (asteartean, 11:00etan) ikusteko aukera izango dute bertaratutakoek, besteak beste.

Urtero bezala, aurten ere mahai-ingurua antolatuko du Zinea.eus-ek. Bertan, gure blogariek hartuko dute parte. Informazio osoa aurrerago argitaratuko dugu.