arrival-kritika-aritz-sorzabal-posterraZuzendaria: Denis Villeneuve

Urtea: 2016

Herrialdea: AEB

Beste planeta batetik etorritako hamabi espazio-ontzi iritsiko dira Lurrera, eta hamabi herrialde desberdinetan geratuko dira zain, airean zintzilik, gizakiekin komunikatzeko helburuarekin. Goi karguek Louise Banks hizkuntzalariarengana joko dute, estralurtarren asmoak ezagutu ditzan, bisitariekin beraiekin hitz eginda.

Berriro ikusi beharko dut filma, zerk edo zerk ihes egin didan sentipena dudalako. Zientzia fikziozko pelikuletan aditua ez naizelako edo, esango nuke ez dudala filma erabat ulertu, edo hori uste dut, behintzat. Hala ere, kritika egiteko konpromisoak eskatuta, oker egon edo ez, nire interpretazioa plazaratuko dut, ausart. Agian, horrela, idazten jarrita, ihes egin didan horri heldu eta zentzua hartuko diot ikusitakoari.

Zientzia fikzioa aipatu dut hasieran, eta genero horretan sailkatu dute Arrival, estetika eta gaiagatik bereziki, baina, nire uste apalean, hori baino gehiago da filma. Hizkuntzalari bat da protagonista nagusia (protagonista bakarra, esango nuke), eta ezaugarri horrek estralurtarrei buruzko ohiko filmekin markatuko du aldea, hasiera hasieratik. Efektu bereziek, gainera, ez dute leku berezirik izango (argazkiak bai, ordea), gogoetak eta lengoaiak baizik. Ondorioa argia da: zientzia fikzioa aitzakia da; zuzendariak planteatuko duen dilema, muina. Eta zein da dilema? Hor dago gakoa, hor dago pelikula berriro ikusteko piztu zaidan beharra. Galdera bat da ardatza, eta erantzuna, oraintxe jabetu naiz, ez du filmak ekarriko. Guk geuk dugu erantzuna; bakoitzak du berea, esperientzia pertsonalaren arabera.

Etorkizuna ikusteko aukera izanez gero, bizitzan hartutako erabakiren bat aldatuko al zenuke? Honatx dilema. Pelikula jada ez dut zertan berriro ikusi beharrik, dagoeneko ulertu dut. Arrival bat izan dut, topaketa bat nire buruarekin. Hain zuzen ere, Denis Villeneuvek irekitako ate horretatik iritsi da gogoeta, eta iritsiera horrek, Quebeceko zuzendariak egin ohi duen bezala, ez da bide konbentzionaletik etorri. Niri ez ezik, ikusle gehieneri ere zer pentsatu emango dio.

Nork daki, zuzendariarentzat ere abiapuntu bat izan daiteke, esku artean duen proiektu garrantzitsuari begira: Blade Runner mitikoaren bigarren zatia egitea. Datorren urteko urrira arte ez da zinema aretoetara iritsiko, eta, kasu honetan, irabazteko baino, galtzeko izango du gehiago. Izan ere, Ridley Scottek 1982an zuzendutako pelikulak goia jo zuen zientzia fikzioaren generoari dagokionez. Hala ere, publikoak konfiantza du Villeneuvekin, Arrival bezalako proposamen bat ikusi eta gero.

Amy Adams ere ez da geldirik egoten den horietakoa. Ostiral honetan bertan, esaterako, Tom Forden  Nocturnal Animals filma estreinatuko dute, eta aktore italiarra berriro izango da protagonista. Modan dago, zalantzarik gabe; merezita, gainera. Arrival lanak Adams du ardatz, ez beste inor. Pertsonaia gehiago azalduko dira, noski, olagarro tankerako estralurtarrak, tartean, baina, ez soldaduek, ez agintariek eta ezta zientzialariek ere ez dute mundua salbatuko. Arrazoi sinple batengatik: ez dute zertan mundua salbatu beharrik. Louise Banks hizkuntzalaria ohartuko da horretaz hasieratik, eta uste dut irakaslearen larruan eroso asko sentitu den Amy Adams gauza beraz jabetu zela gidoiaren lehen lerroak irakurri zituenean. Honek ere arrival bat izan zuen eskaintza bere eskuetara iritsi zitzaionean. Ziur naiz bera izan zela proiektuaren arrakasta igartzen lehena, zuzendariaren atzetik.