kollektivet-zinea-eus-kritika-aritz-sorzabal-01Zuzendaria: Thomas Vinterberg

Urtea: 2016

Herrialdea: Danimarka

Copenhague, 1970eko hamarkada. Bikote batek oinordetzan jasotako etxe handi batekin geratzea erabakiko du, bertan bizitzeko asmoz. Bizikidetza beste pertsona batzuekin konpartitzeko hautua egingo dute, egunerokoa modu kolektiboan eraikitzeko. Komuna bat sortuko dute horrela, bere alde on eta txarrekin.

Bizikidetza kolektiboa, edo nola erre norberak piztutako suarekin. Horixe da Kollektivet pelikularen mezua, edo, behintzat, horixe da Thomas Vinterbergek ikusleari helaraziko dion ondorioa. Eta Copenhagueko zuzendariak ongi baino hobeto daki zertaz ari den, bizikidetza eredu horretan igaro baitzuen haurtzaroa.

Pertsonaia guztiek, bakoitzak bere eremuan, lan ona egingo dute, baina, denen gainetik, Erik (Ulrich Thomsen) eta Anna (Tryne Dyrholm) senar-emazteak eta haren alaba Freja (Marta Sofie Wallstrom Hansen) nabarmenduko dira. Eurak dira ardatzak, hiru begirada horien bidez  kontatuko baitu istorioa Vinterbergek. Hain zuzen ere, horietako begirada bat, Tryne Dyrholmena, aktore onenaren Zillarrezko Hartzarekin saritu zuten aurtengo Berlingo zinema jaialdi entzutetsuan. Ondo merezita jaso zuen garaikurra, zalantzarik gabe.

Pelikulak bi zati dituela esango nuke. Hasieran, jolas berri guztiekin gertatu ohi den bezala, irribarreak eta giro baikor eta osasuntsua da nagusi, berritasunak aztoratuta. Ikuslearengana ere iritsiko da energia hori, elkarrizketek eta egoerek barre egiteko aukera emango baitute. Geroago, ordea, komedia zirudienak drama itxura hartuko du. Orduan ulertuko dugu zertara datorren pelikulari hasiera emango dion soinu banda aztoragarria. Bukaeran ere entzungo dugu, kredituekin batera. Hala ere, dramatik komediatik baino gehiago izan arren, filmak ez du ikasgairik emateko inolako asmorik, ezta gutxiagorik ere. Fresko eta arin mantendu nahi du zuzendariak, gehiegi sakondu gabe. Oso garbi du bizikidetza kolektiboaren eztabaida hizpide bihurtzeak ez duela inongo zentzurik, eredu horren hautua egingo duten pertsonaiek ez baitute sinesmen edo balore kontuengatik egingo. Irain bat litzateke mugimenduari.

Hori bai, gogoetak egin, egingo ditu ikusleak. Maitasunak tarte handia izango du pelikulan, sentimendu horrek ekarri ohi dituen zalantza, galdera eta erabakiekin batera. Azken finean, maitasuna izango da filmaren muina. Iraungitze datarik du? Bukatu baino, transformatu egiten da? Eman baino gehiago, kendu egiten du? Betiko galderak ekarriko ditu, ezer berririk ez, baina entretenimendua ziurtatuko du, eta hori ez da gutxi Gabonetan, marrazki bizidunek eta galaxietako kapitulu eskas batek pantaila handia hartu duten honetan. Ea laster amaitzen diren.

https://youtu.be/XncX0SoAMGY