Mirokutana ekoizpen etxe oiartzuarrak ofizialki ekoizten duen lehen lana da Aitor Bereziartuaren Lisbeth. Abenduan abiatu zuten errodajea, eta urtarrilaren 15ean amaituko dute. Aranzadirekin batera elkarlanean sortutako proiektua da, Olatz Retegi Recalde antropologoaren laguntzarekin, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza eskuratu zuen iaz.

Bereziartuak aspalditik ezagutzen zuen Lisbethen istorioa, eta bere arreta bereganatu zuen. Lisbeth 1947an jaio zen Donostiako Bidebieta auzoko baserri batean, eta gerraosteko errepresio kultural, politiko, ekonomiko eta linguistikoa hurbiletik jasan zuen. Gainera, sendiari lurrak desjabetu zizkioten, eta 1957an Francok eskuratu zituen.

lisbeth-03-zinea-eus

Bada, Lisbethek susmo bat zuen aspalditik, eta amari zin egin zion susmo hori egiaztatzen ahaleginduko zela. Orain arte isilean gorde du, baina errezeloa azalera ateratzeko garaia dela ebatzita, ikerketa abiatu du, Bidebietako hobi komuna topatzeko.

Mirokutanak eta Aranzadi Elkarteak memoria historikoaren garrantzia azpimarratu nahi dute, eta ikus-entzunezkoak eskaintzen dituen aukerak baliatuta, gaia gizartera ekarri nahi dute, justizia helburu. Testigantzak, frogak… bilduko dituzte, txikitik abiatuta, gaia era zabal batean lantzeko.