Urtea zabaltzen duen zinema jaialdi europar nagusia da Berlinale. 67. edizioa izango du aurtengoa, eta otsailaren 9tik 19ra luzatuko da. Filmen emanaldiaz gain, ekoizleentzako koprodukzio azoka eta film europarrentzako azoka ere antolatuko dituzte, urtero legez, garai berean. Dagoeneko iragarri dituzte jaialdian estreinatuko diren dozenaka film, tartean, inaugurazio galan eskainiko duten Django, Etienne Comar zinegile eta ekoizle frantziarrak Django Reinhardt gitarrista eta konposatzaile ezagunari buruz osatu duen lana.

berlinale-2017-zinea-eus-02

Sail lehiakorrean eta Berlinale Special sailetan eskainiko dituzten lehen hamalau filmen artean Txiletik, Danimarkatik, Finlandiatik, Frantziatik, Alemaniatik, Lebanotik, Poloniatik eta Senegaldik, besteak beste, heldutako lanak topa daitezke, zinegile entzutetsu zein berriagoenak. Ondorengoa da filmen zerrenda:

  • Teströl és lélekröl (On Body and Soul). Ildiko Enyedi (Hungaria)
  • Ana, mon amour. C?lin Peter Netzer (Errumania, Alemania eta Frantzia)
  • Beuys. Andres Veiel (Alemania)
  • Colo. Teresa Villaverde (Portugal eta Frantzia)
  • The Dinner. Oren Moverman (AEB)
  • Félicité. Alain Gomis (Frantzia, Senegal, Belgika, Alemania eta Libano)
  • The Party. Sally Potter (Erresuma Batua)
  • Pokot (Spoor). Agnieszka Holland  (Polonia, Alemania, Txekiar Errepublika, Suedia eta Eslobakia)
  • Toivon tuolla puolen (The Other Side of Hope). Aki Kaurismäki (Finlandia)
  • Una Mujer Fantástica (A Fantastic Woman). Sebastián Lelio (Txile, Alemania, AEB eta Espainia)

Saio bereziei dagokienez, aldiz, La Reina de España (Fernando Trueba), Le jeune Karl Marx (Raoul Peck), Últimos días en La Habana (Fernando Pérez) eta Acht Studen sind kein Tag (Rainer Werner Fassbinder) eskainiko dituzte.

Profesionalak eta talentu berriak

Europar filmen azoka eta koprodukziora bideratutako azoka erabat bete dira, eta euskal profesionalek ere ICAA Espainiako Zinema eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak jarriko duen standaz baliatzeko aukera izango dute bertan. Herrialdeen arteko bitartekaritza behar duten proiektuak aurrera ateratzeko aukera paregabea eskaintzen du, proiektuei behar duten bultzada emateko baliabideak topatu ohi baitira halakoetan.

Talentu berrientzako atalak ere hamabosgarren edizioa izango du arutengoa. Sei eguneko programa izango da (otsailaren 11tik 16ra), eta 250 talentudun gaztek eta nazioarteko 100 adituk hartuko dute parte. Aurtengoan 127 herrialdeko 2.500dik gora lagunek eman dute izena deialdian.

Jaialdiaren inguruko informazio gehiago kontsulatzeko, sartu atari ofizialean.