‘Harri Zopa eta beste zenbait alderantzizko ipuin’, haur txikienentzako filma

Martxoaren 24an Harri zopa eta beste zenbait alderantzizko ipuin (Frits Standaert, Samuel Guénolé, Clémentine Robach eta Pascale Hecquet, 2017) film sorta euskaraz estreinatuko dute Euskal Herriko hainbat zinema aretotan, Zineuskadi elkartearen Zinema Euskaraz programaren bidez. Ostean, apirilaren 7an, Igelen Erresuma (Nelson Shin, 2013) filmak hartuko dio lekukoa.

Hiru eta zortzi urte arteko haurrei zuzendutako bost ipuinek osatzen dute Harri Zopa eta beste zenbait alderantzizko ipuin filma. Mundu osoko neska-mutikoen ohiturak eta kondairak biltzen dituzten lan laburrak dira, fantasiaz eta umorez apaindutako bost istorio: Ardiak zenbatzera, Janztearen abentura, Eskularrua, Harri zopa eta Gailetaren ihesaldia. Orotara 40 minutuko iraupena du filmak.

Rita & Luca banatzaile independentearen bidez helduko da proiektua gurera, Zineuskadi elkarteak euskaraz bikoiztu ostean. Martxoaren 24an estreinatuko dute, eta Donostiako Principen (ostiralean eta asteburuan), Bilboko Golem Alhondigan (ostiralean eta asteburuan), Gasteiz Floridan (asteburuan) eta Iruñeko La Morean (ostiralean eta asteburuan) izango da ikusgai.

‘Igelen Erresuma’

Apirilaren 7an, ostera, Txinatik datorkigun Igelen Erresuma animaziozko lanaren txanda izango da. Igelen Olinpiar Jokoetan girotutako filma da, haur eta helduak entretetiko dituen ekoizpen dibertigarria.