Es-por-tu-bien-Kritika-Zinea-AzalaZuzendaria: Carlos Therón

Urtea: 2017

Herrialdea: Espainia

Arturo (José Coronado), Poli (Roberto Alamo) eta Chus (Javier Cámara) kezkatuta daude, haien alabek mutil lagun berria dutelako. Hain justu, ez dituzte alaben bikotekideak maite, eta, horrexegatik, edozer gauza egiteko prest daude maitasun harreman horiek zapuzteko.

Lotsa sentitu aurretik, nahiago izaten dugu isilik egon. Hori dela eta, egunerokoan egin ohi ditugun zenbait gauza ez ditugu aitortzen, lotsagarri ez geratzeko, besteek gurekiko izan dezaketen iritzia gehiegi inporta zaigulako. Musika talde komertzialenek dantzan jarri gaitzakete, baina ez dadila inor enteratu; perfil baxuko film batekin goza dezakegu, baina hobe dugu sekretua gorde, prestigioa jokoan egon daiteke eta. Bada, azken aukera honen alde egin beharrean, zintzo jokatzea erabaki dut, aurreiritziak aurreiritzi: bai, Es por tu bien pelikula gustuko izan dut. Nire hobebeharrez egiten ari naiz aitortza hau, Carlos Therón zuzendariaren pelikularen izenburuak bultzatuta edo, ukazioek ez baitute ezer onik ekartzen. Gainera, ziur naiz nire sekretutxoa ondo baino hobeto babestuko dutela Zinea atariak eta bertako irakurleek.

Hain zuzen ere, entretenigarria iruditu zait pelikula, barrea eragin dit behin baino gehiagotan eta, nire ezusterako, José Coronadorekin adiskidetzeko balio izan dit. Bai, ondo entzun duzue, aktore madrildarraren lana duina da; noiz eta bere galan edo polizia paper erabilia bazterrean utzi duenean. Nork daki, komiko bat jaio da beharbada. Ipurdia erakusteko ere ez du inongo lotsarik izan, mito bat eror daitekeela jakinda. Hortaz, berak lotsarik izan ez badu, ni ez naiz zertan lotsatuko nire sekretutxoa kontatzeagatik. Beno, piskat bai, baina filma gustatu izana ez dut uste krimen bat denik. Nire buruari, behintzat, hori sinestarazi diot lerro hauek idatzi aurretik.

Javier Cámara eta Roberto Alamo ere ez dira atzean geratu. Lehenengoa eroso sentitu ohi da komediatan, oraingoan ere; bigarrenak, bere aldetik, maila eman du generoa arrotza sentitu arren. Aktore gisa dohain handiak dituela frogatu du Alamok, baina beste erregistro batean, Goya saria irabazteraino. Bada, umorean ere lasai asko mugi daitekeela erakutsi du.

Azken finean, Es por tu bien pelikula arin bat da, kolpe barregarriekin, une atsegin bat pasatzeko modukoa. Ezin zaio gehiago eskatu, baina askoz gehiago eskaintzeko ere ez da jaio. Sinpletasun horretan egon daiteke arrakasta. Therónen ibilbidea ez da oparoegia, telebistan zein zineman; hortaz, zer edo zer hobea aurkeztea ez zuen horren zaila. Langak langa, helburua bete duela esango nuke, isilpean aitortu dudan bezala. Gure artean gera dadila.