Lau urteren ostean, iragan martxoan, XI. Punto de Vista Iruñeko Zinema Dokumentalaren jaialdiaren amaieran, zuzendari artistiko kargua utzi zuen Oskar Alegriak. Hautagaitzak aurkezteko deialdia zabaldu zuten orduan, eta epaimahaiak, aurkeztutako bederatzi proposamenen artean, Garbiñe Ortega Postigo (1981) gasteiztarrarena aukeratu du.

Garbine-Ortega-Punto-de-Vista-Zinea-eus

Euskal Herriko Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Ortegak, eta zinema esperimentalean eta ez fizkiozkoan espezializatu zen. Azken urteetan Mexikon eta AEBtan bizi izan da, eta bere lanak nazioarteko jaialdietan izan dira ikusgai. Orain arte Gasteizko Montehermoso Kulturuneko programatzailea izan da, baita Bilboko Azkuna Zentroko programazio aholkularia ere. Dokumentalgintza landu du Jose Luis Guerín, Antonio Weinrichter eta Antoni Muntadas bezalako adituekin, eta Luiso Verdejoren Violet (2013) filma zein Camila J. Donoso zinegile txiletarraren Casa Roshell (2016) berezia (aurtengo Berlinale jaialdian estreinatu dena) ekoitzi ditu. Euskara eta ingelesa menderatzen ditu.

Punto de Vista jaialdiari dagokionean, arte adierazpide ezberdinen arteko elkarlana bultzatzearen alde azaldu da, hala nola, zinema, literatura eta arte biziak. Gainera, “ikusle berrien hazkundea, eta herritarren parte hartzearen eta sorkuntzaren bidez, jaialdiaren inguruan komunitate sentimendua indartzea” izango dituela helburu azpimarratu du. Ortegaren hitzetan, “zinema dokumentalak ezin du mundua leku hobeago batean bihurtu, baina hura aldatzeko tresnak eskaini ditzake, eta hori lan zirraragarria da”.

Honenbestez, datozen lau urteetan Punto de Vista jaialdiko zuzendari artistikoa izango da, eta edizio bakoitzaren nondik norakoak zehazten dituzten proiektuak aurkezteaz, eskainiko diren filmak programatzeaz, artista eta lanak proposatzeaz, gonbidatuekin harremanak lantzeaz, eta karguari lotutako gainerako eginbeharrez arduratuko da.