Euskal Herritik Argentinara, Igor Legarretaren lehen film luzea

Igor Legarreta zinegile, gidoigile eta ekoizle bilbotarraren opera prima da Cuando dejes de quererme, Centuria Films ekoizpen etxe madrildarraren eta CEPA Audiovisual argentinarraren artean ekoitzitako lana. Erroajeko lehen asteak Euskal Herrian egin zituzten, tartean, Bilbon, Irunen, Zumaian eta Durangon, eta orain Argentinan dira, azken grabaketekin.

Cuando-dejes-de-quererme-Zinea-01Flor Torrente, Eduardo Blanco eta Miki Esparbé aktoreak dira filmeko progatonistak. Lehena Laura da, Fredo (Blanco) aitaordearekin Buenos Airesen bizi den neska gaztea. Haurra zela, aitak etxetik alde egin zuela kontatu zion amak, eta Euskal Herria utzita, Argentinara joan zirela biak. Egun batean, baina, dei bat jasoko du Laurak: aitaren gorpua Euskal Herriko baso batean lurperatuta aurkitu dute, eta forentseek egindako proben arabera, garondoan jasotako tiro baten ondorioz hil zen orain 30 urte. Horren aurrean, aitaordearekin Euskal Herrira itzultzea erabakiko du gazteak, auzia argitzea, eta bertan Javier Egoskuerekin (Esparbé) egingo du topo, aitak izenpetutako bizi-aseguruaren berri emango dion aseguru saltzailearekin.

Martxoaren 7an abiatu zuten errodajea, eta apirilaren 11ra arte, Donostian, Bilbon, Irunen, Durangon, Oiartzunen, Deban, Oñatin, Zumaian eta Aldatz eta Urkiolako basoetan, hala nola, izan ziren grabatzen. Uneotan Argentinan dira, filmeko azken sekuentziak errodatzen. Orotara 30 lokalizazio ezberdin dituztela azpimarratu dute.

Thriller generoko filmaren gidoiaz Javier Etxaniz, Asier Guerricaechevarría eta Jon Iriarte arduratu dira, eta filmean hartu dute parte, besteak beste, Itziar Aizpuru, Eneko Sagardoy, Gotzon Sanchez, Josean Bengoetxea, Kandido Uranga eta Asier Zabaleta aktore euskaldunek; aktore taldean 50 lagun ariko dira guztira. 

Bi milioi inguruko aurrekontua du filmak, eta Centuria Films, Cuando dejes de quererme AIE eta CEPA Audiovisualek osatuko dute, TVEren eta ICAAren laguntzarekin. 

Argazkia: EFE

Argazkia: EFE