Kritika: ‘Nieve negra’

Nieve-Negra-Zinea-Kritika-01Zuzendaria: Martín Hodara

Urtea: 2017

Herrialdea: Argentina 

Patagonian bizi da Salvador (Ricardo Darín), mendian, zibilizaziotik guztiz isolatuta. Marcos anaiaren (Leonardo Sbaraglia) bisita jasoko du, hamarkadak ikusi gabe egon eta gero. Aita hil berri da, eta Marcos Laura bikotekidearekin (Laia Costa) azalduko da familiari dagozkion lurrak sal ditzan konbentzitzeko. Salvador eta Marcosen arteko harremana, ordea, ez da onena, eta tentsioa nagusituko da iraganeko pasarte ilun baten ondorioz: nerabe zirela, anaia txikiak bizia galdu zuen euren begien aurrean. Oroitzapen horrekin bizi dira orduz geroztik. 

Onartu beharra daukat itxaropentsu abiatu nintzela zinema aretora, eta etsipen puntu batekin irten nintzela. Gehiago espero nuen. Pelikulari ez zaio tentsiorik falta hasieran. Kontraesan bat dirudien arren, erritmo geldoak azkar hurbilduko gaitu istoriora, baina, minutuek aurrera joan ahala, gauza handirik gertatuko ez dela ikusita, abiadura bizian egingo du behera pelikulak, erritmo geldoari eutsita ere, baina asperduraz zipriztinduta oraingoan. Geldotasuna errekurtso interesgarria izan daiteke, baina horretarako eduki indartsuekin bete behar da trama, iraganera hainbeste jo gabe. 

Paisaia elurtu eta itogarriari buruz gauza bera esan daiteke. Inguru hotz eta isolatuak ikusmina piztuko du, eszenatoki paregabea irudituko baitzaigu thriller bat garatzeko, zer edo zer gerta daitekeela sinetsita. Eta gertatu, gertatuko da. Atmosfera aproposa sortuko du zuzendariak, baina, zoritxarrez, istorio sinesgarri bat eraikitzea faltako zaio ikuslea harrapatzeko. Zapore gazi-gozoarekin geratuko gara kasu honetan ere.

Azken batean, hotz geratu naiz, filmak eskarmentudun aktoreak dituen arren. Ricardo Darín txukun arituko da, aktore fidagarria baita, baina egokitutako paperak ez du gehiagorako emango. Leonardo Sbaraglia ere fidagarria da; beste maila batean, hori bai. Izan ere, dakiena ondo egingo du hemen ere: hitz jario gutxiko pertsonaia baten larruan sartuko da berriro, baita eroso sentitu ere, baina, bizitasun pixka baten faltan, zurrunegia izango da bere lana. Laia Costari dagokionez, aktore katalanak ere ez du filma salbatuko, behetik gora egin arren. Garrantzia irabaziko du pelikulak aurrera egin ahala, baina ordurako, nahiz eta korapiloa askatzeko moduan egon, ez du laguntzarik topatuko pelikulari bukaera biribil bat emateko garaian.

Hala ere, niri pelikulak ezer gutxi esan didan bitartean, ziur naiz ikusle asko asebeteta irtengo direla zinema aretotik, filma izenburuak iragarritako genero beltzari dagokion edo ez ezbaian jarri gabe. Gustu eta kolore kontua da.