L’odyssée

L-Odyssee-Zinea-Cliff-de-Hory-01

Duela gutxi, hegaldi batean, L’odyssée (Odisea) filma ikusteko aukera izan nuen. Film hau iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten lehiaketatik kanpo, baina nik neuk ez nuen ikusteko paradarik izan. Ordutik hona egin duen ibilbidea ez da samurra izan. Kritikak eta industriak ez dute goxotasunez tratatu eta, adibidez, ez diote sari batere eman, ezta bigarren mailako Cesar bat ere. Filmak, aldiz, aurrekontu oparoa izan zuen, eta lortutako naturaren zenbait irudi gogoangarriak gertatzen dira behin baino gehiagotan, tartean, zalantzarik gabe, marrazoen sekuentzian.

Beharbada, argitu behar da Jaques Cousteau nire heroietako bat izan dela aspaldi-aspalditik. Seguruenik, kate bakarra zegoen garaian berak egindako dokumentalak ikusi ez ezik, edan ere egiten nituelako orduko gehienok bezalaxe. Izan ere,  gutxitan aurkituko dugu Cousteau lako pertsonaia bat, besteak beste, esploratzaile, ikertzaile, asmatzaile, hegazkinlari, zinegile eta ekologista izan zena. Horregatik bakarrik balitz ere, mereziko luke film hau ikustea.  Zinegile zen aldetik, gainera, Jaques Cousteau Canneseko palmondoa eta Oscar bat  irabazia zen. Agerian da, hortaz,  Jaques Cousteau ez zela edonor, ez horixe.

L-Odyssee-Zinea-Cliff-de-Hory-02

Filma kapitainaren eta semearen artean garatzen den harremanean ardazten da, eta laster aditzera emango zaigu irudi publiko, mitikoaren atzean haragizko gizon bat zegoela, emazte fidelari etengabe adarrak biltzen zizkiona, Petrolio konpainiekin tratuak egiten zituena, eta Ama Lurra eta animaliak gaizki tratatzera ere heldu zena.

L-Odyssee-Zinea-Cliff-de-Hory-03

Bestetik, filmak casting zeharo egokia du eta aktoreek lan bikaina egiten dute, tartean Lambert Wilson (Cousteau),  Pierre Niney (Philippe, semea) eta Audrey Tautou (emaztea). Era berean, Jerome Salle zuzendari eta gidoilariaren lana, nire iritziz, nahiko inteligentea da. Izan ere, honelako proiektu asko eta asko ito egiten baitira biografiatuaren bizitzaren xehetasun guztiak eman nahian. Hemen, ostera, dena aita-semeen erlazioaren inguruan —eta menpean— erakusten zaigu, eta horrek aukera ematen dio egileari, besteak beste,  gure planetaren inguruko kezkak eta semearen jarrera menderakaitza elkarrekin identifikatzeko.

Azkenik, esan dezadan filma zirraragarria gertatzen dela, pertsonaien bizipenekin batera gure planetaren bizia ere kontatzen zaigulako, betiere gizon miresgarri baten inguruan bilbatua. Ikustea gomendatzen dizuet, beraz.