Lady Macbeth

Iazko Donostia Zinemaldian FIPRESCI saria eskuratu zuen William Oldroyd en filmak. 1865eko Ingalaterran girotuta dago. Florence Pughek antzeztu du Katherinen papera. Adina bikoizten dion gizon batekin ezkonduko du aitak, eta senarraren eta haren aita Boris handi-mandiaren menpe geratuko da. Baina senarrarentzako lan egiten duen gazte batekin maiteminduko da, eta harreman idilikoak bizi duen egoerari aurre egiteko indarrak emango dizkio.

Rules Don’t Apply (La excepción a la regla)

Alden Ehrenreich eta Lily Collins aktoreek, bestetik, 50eko hamarkadako Hollywooden girotutako maitasun istorioa ekarriko digute. Collins Los Angeles mendebaldean dagoen herri txiki batera helduko den Marla Mabrey baptista gaztea izango da. Ehrenreich, aldiz, Howard Hughes (Warren Beatty) aberatsaren aginduetara lan egiten duen auto gidaria. Fedeak batuko ditu bi gazteak, eta hala, Hughes jaunaren arau nagusia hautsiko dute: langileak eta emakumezko aktoreak ezin dira elkarrekin ibili.

Plan de fuga

Iñaki Dorronsoro zinegile gasteiztarrak Plan de Fuga akziozko thrillerra estreinatuko du bihar, Luis Tosar, Javier Gutiérrez, Alain Hernández, Alba Galocha eta Florín Opritescurekin batera osatutako proiektu indartsua. Ekialdeko militar ohiek osatutako gaizkile talde arriskutsuak kide bat galdu du, eta Victor izeneko lapur profesionala errekrutatuko dute banketxe batean lapurreta egiteko. Victorren egitekoa kamera korazatua zabaltzea izango da.

La mano invisible

Isaac Rosaren eleberri homonimoaren egokitzapena, David Macián zinegile espainiarraren eskutik. 11 langile industria-nabe batean lan egiteko kontratatuko dituzte: igeltsero bat, harakin bat, jostun bat, teleoperadore bat, zerbitzari bat, morroi bat, mekaniko bat, informatikari bat eta garbitzaile bat. Reality show baten parte balira bezala, ez dute jakingo nor dagoen antzerkiaren atzean. Aktore taldea Marta Larraldek, Marina Salasek, Josean Bengoetxeak, José Luis Torrijok, Edu Ferrések, Bárbara Santa-Cruzek, Daniel Pérez Pradak eta Esther Ortegak osatu dute, besteak beste.

Girl Asleep (La chica dormida)

70eko hamarkadaka, Australia. Gretak hamabost urte beteko ditu laster, eta ingurukoek jazartzen dutela sentituko du: gurasoek, ikaskideek, baita Elliot lagun minenak ere. Amak urtebetetze festa itzela prestatu nahiko dio, baina une horretan musika kutxa magiko bat zabalduko du, eta bere subkontzientziaren basora joango da, haurtzaroko mamuei eta etorkizunari dion beldurrari aurre egitera. Bethany Whitmore eta Harrison Feldman dira filmeko aktore nagusiak, eta Rosemary Myersen aginduetara lan egin dute, Wes Andersonen filmak gogoratzen dituen estetikarekin.

Guardians of the Galaxy Vol. 2

Asteko estreinaldirik esanguratsuena da komikien sagako jarraitzaileentzat. Chris Pratt, Zoe Saldana, Dave Bautista, Bradley Cooper, Vin Diesel, Michael Rooker eta Karen Gilian bezalako Hollywoodeko izarrek gorpuztutako superheroiek kosmosaren mugetara bidaiatzen jarraituko dute, familia elkarrekin mantentzeko eta etsaiei aurre egiteko modua bilatzen duten bitartean. Nazioarteko kritikarien arabera, lehen atala baino biziagoa eta entretenigarriagoa da.

Brothers of the Wind

Austriatik helduko zaigun proposamen berezia, kabitik erori den arrano-kume baten bizitza salbatzen ahaleginduko den mutikoaren istorioa. Gerardo Olivares eta Otman Penkerrek zuzendu dute filma, eta Jean Reno, Manuel Camacho, Tobias Moretti eta Eva Kuen aktoreek hartu dute parte proiektuan.

Aftermath (Una historia de venganza)

2002an, aire-kontrolatzaile baten akatsa tarteko, bi hegazkinek talka egin zuten Alemaniako aire eremuan. Istripu hartan emaztea eta alaba galdu zituen gizonezkoak aire-kontrolatzailearen aurka mendeku hartzea erabaki zuen. Elliott Lester zinegileak Arnold Schwarzeneggerren parte hartzea baliatu nahi izan du filmari ospea emateko, eta aitaren paperean ikusiko dugu. Harekin batera aritu dira Scoot McNairy eta Maggie Grace, besteak beste.

Quo vado? (Un italiano en Noruega)

Italian 2015ean estreinatu zuten Gennaro Nunzianteren komedia. Probintziako administrazio-bulego batean lan egiten duen funtzionarioa (Checco Zalone) oso eroso bizi da gurasoen etxean. Neskalaguna du, baina ez du berarekin ezkontzeko ezta seme-alabarik izateko asmorik, eta bere egitekoa oso erraza izango da: ehiza eta arrantza baimenak igortzea. Egun batetik bestera, baina, Estatuak probintzietako administrazioak deusezteko erabakia hartuko du, eta kalte-ordainketa jaso eta beste lanpostu bat bilatzea baino, nahiago izango du Italiako txoko urrunetan, baita Norvegiako ikerketa zientifikorako zentro batean ere, lan egin.

Maraviglioso Boccaccio

Eta Italiatik, baita ere, helduko zaigu Paolo eta Vittorio Tavianik zuzendutako lana. Kasu honetan, 1348ko Florentziara joango gara, zazpi mende atzera. Izurri beltzetik ihesi, landa eremuan babestuko dira hamar gazte, eta denbora errazago pasatzeko, istorio laburrak kontatuko dizkiote elkarri. Denetariko istorioak izango dira, baina guztiek maitasuna izango da protagonista.