Emakume zuzendari europarren harrobia, indartsu

Sarritan esaten da zinema eraldaketa sozialaren aitzindari dela. Zazpigarren arteari buruz aipatzen diren hainbat datu (genero berdintasunari dagozkionak, bereziki) alboratuta, gizartean dagoenaren isla dela, alegia,

Kasu honetan, Les Arcs  zinema jaialdi europarrak argitaratutako ikerketa aztertuko dugu, genero berdintasuna gurera oraindik iritsi ez dela (beste behin) frogatzeko.

Gaizka-Izagirre-Europa-Genero-Berdintasuna-01

Baina lasai, gaur oso positibo esnatu naiz eta datozen urteetan datu penagarri horiek aldatzeko gai izango diren izen batzuk aipatu nahi dizkizuet. Oldar bizian sartu diren  emakumezko zuzendari europar gazte batzuei buruz ari naiz:

  • Lynne Ramsay (Eskozia, 1969)

Gaizka-Izagirre-Europa-Genero-Berdintasuna-LYNNE-RAMSAY

Film laburrak

  • 1996 : Small Deaths, Kill the Day eta Sweet Heart
  • 1997 : Gasman eta One Eye

Film luzeak

Film laburren arloan sekulako arrakasta izandako emakumea. Cannes zinema jaialdian pare bat alditan saritu dute, eta BAFTA sarietan zein nazioarteko hainbat jaialditan hamabost saritik gora eskuratu ditu.

1999an “luzera” salto egin zuenean, baina, indartsu zetorrela frogatu zuen. Urte horretan estreinatu zuen Ratcatcher izeneko opera prima. Cannesen saritu zuten (berriro), baina gazteriaren sariarekin, oraingoan. Horregatik, ezagunagoa egingo zaizue bere bigarren lana, Morvern Callar, Donostiako Zinemaldian FIPRESCI saria eskuratutakoa.

Baina askotan gertatzen den bezala, sarien, kritikaren eta ikusleen arteko oreka ez da parekatuta egon Ramsayren kasuan: 2011n iritsi zen kritika eta ikusleak ados jarri zituen lana, baina ez zuen saririk eskuratu. Tilda Swinton aktore bikaina protagonista zuen We Need to Talk About Kevin filmaz ari naiz.  Zazpigarren artera geratzeko etorri dela frogatu zuen hala.

Hurrengo lana?

Aurten, itxura bikaina duen You Were Never Really Here filma estreinatuko du. Protagonista Joaquin Phoenix aktore erraldoia izango da.

Gaizka-Izagirre-Europa-Genero-Berdintasuna-You-Were-Never-Really-Here-

 

  • Mia Hansen-Love (Frantzia, 1981)

Gaizka-Izagirre-Europa-Genero-Berdintasuna-Mia-Hansen-Love

Film laburrak

  • 2003 : Après mûre réflexion
  • 2005 : Offre Spéciale

Film luzeak

36 urteko zinegile gazteak era askotako ekoizpen bikainak egin ditu. Assayasen filmetan aktore gisa lan egin ostean, film laburrak zuzentzen hasi zen. Bere lehen luzea, ordea, 2007an iritsi zen, opera prima onenaren Louis Delluc saria irabazi zuen Tout est pardonné.

Hortik aurrera, 2009an Le père de mes enfants, 2011an Un amour de jeunesse zoragarria, eta 2014 eta 2016an bere ibilbideko bi film ezagunenak aurkeztu zituen: lehena, 90eko hamarkadako musika elektronikoaren baitan kokaturiko Eden. Eta 2016an, Isabelle Huppert protagonista zuen L’avenir. Biak, Donostiako Zinemaldian ikusteko aukera izan genuen.

Hurrengo lana?

2018an  Juliette Binoche, Roman Kolinka eta Cédric Kahn protagonista dituen Maya izeneko filma estreinatuko du. Gabrielen istorioa kontatuko digu, Sirian bahitu zuten 30 urte inguruko gerra- erreportari frantziarrarena.

Gaizka-Izagirre-Europa-Genero-Berdintasuna-Maya

 

  • Laida Lertxundi (Euskal Herria, 1981)

LAIDA LERTXUNDI

  • 2015 Live to Live (16mm, 11 min)
  • 2014: We had the experience but missed the meaning ( 16 mm, 8min)
  • 2013: Utskor: Either/Or (16 mm, 7,5 min)
  • 2012: The Room Called Heaven (16 mm, 11min)
  • 2011: A Lax Riddle Unit (16 mm, 6 min)
  • 2010: Cry When It Happens ( 14 min)
  • 2009: My Tears Are Dry, 4 min., 16 mm, eta Farce Sensationelle! (35 mm, 3.5 min)
  • 2007: Footnotes to a House of Love ( 16 mm, 13 min) 

Aipatzen ari naizen gainerako zuzendariek lantzen dituzten genero eta zinema motatik guztiz aldentzen den arren, Euskal Herrian ere badugu gure harribitxia. Blogeko nire lehen posta emakume bilbotarrari eskaini nion.

Bere errodajeek hilabeteak irauten dituzte, eta 16mm-ko formatuan errodatzen du bereziki. Istorioak kontatzeko erabiltzen dituen hiru euskarri nagusiak pertsonak, paisaiak eta soinuak izan ohi dira. Bere filmografiari errepaso bat emanez gero, Los Angeles hiriaren miaketa progresibo baten bidez eraiki duela ohartuko gara (Norbegian grabatutako Either/Or salbu).

Bitxia da, baina Hollywoodetik guztiz kanpo kokatzen den zinema mota honekin lan egin behar duenean, industria erraldoi horrek erabiltzen dituen tresna eta laborategi berdinetan egiten du. “Nire filmak errebelatu behar ditudanean, adibidez, latak Mad Men telesaileko laten alboan egon daitezke”, dio Lertxundik.

Hurrengo lana? 

Bere azken lana, 025 Sunset Red, apirilean izan da ikusgai Tabakaleran.  

Sunset-Red-Zinea-Tabakalera-Laida-Lertxundi

 

  • Andrea Arnold (Ingalaterra, 1961)

Gaizka-Izagirre-Europa-Genero-Berdintasuna-Andrea-Arnold

Film laburrak

Film luzeak

Telesailak

2003an Wasp film laburrarekin Oscar saria irabazi ostean, bere ibilbidea errotik aldatu zen. Ordutik, pantaila handira ez ezik, txikira ere salto egiteko aukera izan du, eta Transparent telesailaren hainbat atal zuzendu ditu, besteak beste.

Film luzeei dagokienean, Fish Tank bikainarekin egin zuen nazioartera jauzi;  2009an Cannesko zinema jaialdiko epaimahaiaren saria eta Erresuma Batuko Urteko Film Onenaren BAFTA saria eskuratu baitzituen.

Hurrengo lana? 

Aurten estreinatuko den I Love Dick izeneko telesaila. 

Gaizka-Izagirre-Europa-Genero-Berdintasuna-I-Love-Dick

 

  • Maren Ade (Alemania, 1976)

Gaizka-Izagirre-Europa-Genero-Berdintasuna-Maren-Ade

Film laburrak

Film luzeak

  • 2003: Der wald vor lauter bäumen
  • 2009: Alle Anderen
  • 2016: Toni Erdmann

Emakume alemaniar honengan jarri ziren iaz nazioarteko begirada guztiak, 2016ko film onenetako bat zuzendu baitzuen: Toni Erdmann. Berlinen bizi da orain, eta Baden-Württemberg zinema eskolan gidoigintza ikastaroak ematen ditu.

Der wald vor lauter bäumen bere lehen luzeak Sundance zinema jaialdian epaimahaiaren saria irabazi ostean, beharrezko bultzada jaso eta sei urte geroago, nazioartean oihartzun handiagoa izango zuen Alle Anderen zuzendu zuen. Bigarren lan honekin bi sari eskuratu zituen Berlingo zinema jaialdian, epaimahaiaren sari nagusia eta aktore onenarena (Birgit Minichmayr).

Hurrengo lana?

Momentuz, AEBtan prestatzen ari diren Toni Erdman filmaren remakea-ren gidoilaria izango dela baino ez dakigu.

Gaizka-Izagirre-Europa-Genero-Berdintasuna-Toni-Erdman

 

Beste izen batzuk

Nabarmendutakoez gain, ez begirik kendu Bruni Tedeschi, Ursula Meier, Athina Rachel Tsangari, Pernille Fischer Christensen eta Lone Scherfig bezalako zuzendariei, asko baitute kontatzeko.