Itziar Ituño euskal aktorea jasaten ari den boikotaren aurrean

Itziar Ituño boikota jasaten ari da egunotan Estatu espainiarreko hainbat komunikabideren eta talderen partetik, bideo batean ETAko presoen dispertsioaren aurkako jarrera erakutsi duelako. Boikota, gainera, Atresmediak estreinatu behar duen La casa de papel telesailaren harira planteatu dute.

Euskal kulturako ordezkari askok jasan dute antzeko tratu txarrik kulturarekin zerikusirik ez duten iritzi pertsonalak publikoki plazaratzeagatik. Eta hor daude indar horiek zelatan, adierazpen publiko horiek bekatutzat jo, gorde eta min egin dezaketen unean erabiltzeko, pertsonei, taldeei, elkarteei eta besteri boikota egiteko asmoz. Aktoreei dagokienez, tamalez, Ituñorena ez da lehendabiziko kasua. Denok ditugu buruan orain gutxi Miren Gaztañagaren inguruko sorgin-ehiza edota aspaldixeago Gotzon Sanchezek jasandako boikota. Tamalez, gainera, ez dugu uste azkenekoa izango denik.

Alde onetik begiratuta, Itziarren kasua adibide harturik, Euskal Herriko hainbat profesional euskal esparruaren mugak gainditu eta nazioarteko proiektuetan sartzen direnean jasaten ari dira halako jazarpena. Ona, beraz, haien lanaren kalitateak errekonozimendua jaso eta mugak irekitzen dizkielako. Baina boikotaren eragileek guztiz errespetagarriak diren pertsona bakoitzaren iritzi pertsonalak eta lana nahasten dituzte, eta hain konplikatua, traketsa eta zaila den aktoreen lan-munduan beste koxka bat jarri nahi diete boikotaren biktimei lanik egin ez dezaten.

Horregatik, lerrotatik gure elkartasuna adierazi nahi diogu Ituñori, jarrai dezan bere lanarekin frogatuz ez dagoela geldituko duen boikotik. Eta balio dezala editorial honek aurrerantzean ere gerta daitezkeen beste boikoten eta antzekoen aurrean gure jarrera argi erakusteko.