Zure proiektua Basquezinema aldizkarian argitaratu nahi duzu?

EPE-APV Euskal Produktoreen Elkarteak ekoizpen prozesuan dauden edota urte horretan estreinatu diren euskal filmen liburuxka osatzen du urtero, Basquezinema. 2017ko edizioa prestatzen hasi dira, eta proiektuen izenak eta egoera bidaltzeko epea maiatzaren 8an itxiko dute.

Basquezinema-Slide

Nazioarteko zinema jaialdi eta merketuetara bidaltzen du Basquezinema aldizkaria EPE-APV elkarteak, baita plataforma digitaletan zintzilikatu ere, euskal ekoizpenei bultzada emateaz gain, behar duten finantzaketa, banaketa ala babesa lortzen laguntzeko. Aldizkaria urtero kaleratzen dute, eta film luzeak eta laburrak, fikzioak, animazioak zein dokumentalak, biltzen ditu, beti ere, euskal ekoizpena badute.

Bada, 2017ko aldizkaria prestatzen hasi dira, eta bertan azaldu nahi duten proiektuentzako epe bat jarri dute: maiatzak 8. Data horren aurretik filmaren izenburua eta zein egoeratan dagoen (ekoizpenean ala estreinatuta) azaldu beharko da info@epe-apv.com helbidera bidalitako mezuan. Eta aurrerago, formulario bat bidaliko dute gainerako informazioa eskatuz.