Zuzendaria: Asier Altuna

Urtea: 2015

Herrialdea: Euskal Herria

Asier Altunak, zuzendari gipuzkoarrak, bere hirugarren film luze honetan bere lan guztietan aurkeztu dizkigun bi elementu nagusi uztartu ditu: tradizioa eta surrealismo sinbolikoa, bi mundu ezberdinen desorekaren ingurugiroan.

Tradizioak, oinordetzak, familiak baserria dute oinarri eta ardatz, eta mundu modernoak belaunaldi berriak eta horiek mundua ulertzeko duten modua: Amaiak, alabak, irudi esperimentalen bidez, Gaizkak, atzerrira begira, baserritik haratago eta Xabierrek, modu alaian eta lasaian, lanarekiko menpekotasun ezarekin.

Bi mundu horiek metaforikoki irudikatzen dira zuhaitzen bitartez, sustraietatik zerura doazen sinbolo bilakatuz, eta Amaia zuhaitz horien isla. Sustraiei, mundu tradizionalari lotuta dagoena baina zerura, mundu modernora zabaltzen dena.

Amaiak bi errealitate horien lokarria da, baina sendiaren barnean bi mundu horiek talka egiten dute, sokatiran jolasean egongo balira bezala eta, Amaiak, horren erdian dagoen zapia, bi munduak uztartzen ahalegintzen dena. Izan ere, aldaketa gauzatu ahal izateko, aldaketa prozesu guztiekin gertatzen den bezala, haustura ezinbestekoa da, eta filman familiaren haustura, zuhaitzaren puskaketa inflexio-puntua, filmaren clímax bilakatuko da.

Lan bikaina aurkezten digu zuzendariak film honekin, tradizioa eta modernitatearen arteko kontrastea erakusteaz haratago joanez argumentu unibertsalago bat erakusteko; haustura. Kasu honetan sendiaren barnean gertatzen den etetea.

Bizitza beraren metafora hori behar bezala irudikatzeko eta, batez ere, sentiarazteko, filmak alde bisualari garrantzi gehiago emango dio hitzei baino. Alde batetik sinbolismoa, filman dagoen surrealismo onirikoa nabarmentzeko, bere beste lan askotan ikusi ohi dugun bezalaxe; “Soroa” eta “Topeka” kasu eta, bestetik, familian dagoen inkomunikazioa azpimarratzeko. Koloreak giza itxura hartzen dute, Amaia familiaren ardi-beltza bezala, baina aldi berean kolore guztiak nahasten dituena haustura hori sinbolizatzeko. Zaharra eta modernoa ere nahastu egiten dira Super 8-n grabatutako irudietan, bizitza beraren hari eroale direnak. Hala nola, sendiarteko inkomunikazioa Amaman irudikatuko da, matriarka, gertaera guztien lekuko isila gisa, baina bere presentziaz katea mantentzen duena.

Artelan gehienekin gertatzen den bezala, filmak ez du inor axolagabe utziko, ikusle bakoitzak filmaren norbereko interpretazioa egingo baitu bizi dituen bizipenen arabera, film pertsonala, hunkigarria bihurtuz.