Ipar Euskal Herriko 3.000 haurrek hartuko dute parte Zineskolan

Euskal Kultur Erakundeak, Uda Leku elkarteak eta Zineuskadik Zineskola izeneko ekimena antolatu dute Atalante zinema gelaren eta Cinévasion egituraren laguntzarekin. Hala, maiatzaren 2tik 21era, haurrentzako bi film euskaraz eskainiko dituzte Ipar Euskal Herriko hamar aretotan.

Maule, Donapaleu, Donibane Garazi, Hazparne, Kanbo, Miarritze, Baiona, Donibane Lohitzune, Urruña eta Hendaiako zinemek 3.000 haur hartuko dituzte datozen asteetan. Eskolen bidez eta irakasleek lagunduta joango dira emanaldietara, eta bi film izango dituzte ikusgai: hiru eta zazpi urte arteko haurrek Ernest eta Célestine (Benjamin Renner eta Vincet Patar), eta zortzi eta hamabi urte artekoek Phatom Boy (Alain Gagnol eta Jean-Loup Felicioli).

Ekimenaren helburua haur txikiei kalitatezko animaziozko edukiak euskaraz eskaintzea da, eta filmak hautatzerako unean, euskara maila eta landutako gaiak hartu dituzte kontuan, gaztetxoenek ere erraz ulertuko dituztela bermatzeko.

Filmok Zineuskadiren Zinema Euskaraz programaren bidez bikoiztu zituzten, 2013an lehena eta iaz bigarrena, eta orain Ipar Euskal Herriko 50 ikastetxetako haurrei eskainiko dizkiete, haientzako bereziki prestatutako saioetan. Pixkanaka, adin jakin bakoitzari zuzendutako filmen katalogoa osatzen ari dira.