Palestinarra eta homosexuala Tel Aviven

Duela gutxi Brigitte Vasallo idazle, irakasle eta aktibista feministaren artikulu bat irakurri dut Pikara Magazinean, homonazionalismoaren inguruan. Bertan, besteak beste, Israelen egoera aztertu du. Gaur egun Tel Aviv LGTBI komunitatearen erreferentziazko toki bihurtu da, baina artikuluan dioen bezala, ezin dugu ahaztu Israelentzat gay israeldarrak direla soilik onargarriak; Gazan eta Zisjordanian bizi direnak, aldiz, ez. Vasalloren azterketa irakurri ostean, Netflixen Oriented dokumentala aurkitu nuen, eta Tel Aviven bizi diren gizon palestinarr homosexualen errealitatea ezagutzeko aukera ezin hobea iruditu zitzaidan.

Oriented-Amaia-Garcia-Zinea-01

Izan ere, Oriented Tel Aviven bizi diren palestinar homosexualen egoerari buruzko dokumentala da, eta Jake Witzenfeld zuzendari britainiarrak ikuspuntu oso interesgarria plazaratu ditu 2014an errodatutako lanean.

Khader, Fadi eta Naim dira filmeko protagonistak, hiru gizon palestinar eta homosexual. Antzeko egoera bizi duten arren, ezberdintasun handiak dituzte: Khaderren bikotea judua da, Fadi nazio palestinarraren aldeko aktibista da, eta Naimek ez dio familiari homosexuala denik esan.

Oriented-Amaia-Garcia-Zinea-02

 

Beste lagun batzuekin batera Qambuta taldea sortu dute Palestinako LGTBI komunitatearen eskubideak aldarrikatzeko, eta polemika pizten duten bideoak egiten dituzte. Taldean ez dago emakumerik, baina dokumentalean agertzen direnean, protagonistekin soilik hitz egiten dute. Era berean, ez dugu emakume homosexualen testigantzarik entzungo, ezta pertsona transexualena ere.

Hiru protagonistek argi dute ez dela gauza bera Tel Aviven bizitzea, ala Gazan eta Zisjordanian, ongi baitakite beren sexualitatea adierazteko askatasun handiagoa dutela bertan. Bestalde, bigarren errepresio bat jasaten dute: Israelen bizi diren palestinarrak dira. Protagonistek bi identitateak azaldu nahi dituzte, palestinarrak eta homosexualak direla, eta gehienek ez dute arazorik izan etxean beren joera sexuala publikoki azaltzeagatik. Askotan, mendebaldeko ikuspegitik pentsa dezakegu mundu arabiarrean homosexuala izatea arazo bat izan daitekeela, baina dokumentalak erakutsitakoa oso bestelakoa da, mendebaldeko gizarteetako LGTBI komunitateen arazo bertsuak dituztela, alegia.

Oriented-Amaia-Garcia-03

Palestinar identitatea oso gai garrantzitsua da beraientzat. Askotan Tel Aviven bizitzeak barren kezka sortarazten die, batez ere, pasaporte israeldarra izanda, palestinar identitatea galtzen dutela sentitzen dutelako.

Lagun taldeak pare bat bidaia egingo ditu dokumentalean zehar, lehena Jordaniara. Amanera joango dira, LGTBI festa batera, eta Khaderren hitzetan, Palestina libreak Jordaniako giroa izango luke; egun, ordea, gerra giroa da nagusi haien sorterrian.

Bigarren bidaia Khaderrek egingo du, bere bikotearekin. Alemaniara joango dira, eta LGTBI harrotasunaren eguna ospatuko dute bertan. Berlingo kaleeetan zehar egiten den desfilean bandera israledarra daraman karroza bat ikusiko dute, eta Khaderrek etorkizunean Palestinako bandera ikusteko nahia azalduko du. Gerraren egunerokotasunetik ihesi joan da Khader Alemaniara, baina oso zaila egingo zaio bertan egotea, etxean gertatzen ari dena urrunetik jarraitzea.

Testigantza oso interesgarriak plazaratu ditu dokumentalak, batez ere, mendebaldean ditugun ideia batzuekin apurtzeko eta Palestinako gaur egungo errealitatea beste ikuspuntu batetik aztertzeko.