Iker Fernandez (LUPA): “Halako espazioak behar direla sentitzen jarraitzen dugu”

LUPA orain hamar urte sortutako dokumentalen mostra da. Donostiako Guardetxeko Banda Bat eta Errenteriako Mikelazulo elkartea batu ziren orduan herritarrentzat ezezagun samarra zen dokumentalen generoan sakontzeko, eta ikusleen eta sortzaileen arteko topagune bilakatuko zen mostra osatzeko. Antolaketa taldeko kideetako bat da Iker Fernandez (Donostia, 1979); berarekin elkartu gara Errenteriako lokalean, jaialdiaren ibilbideaz eta aurtengo berrikuntzez hitz egiteko.

“Oso bat batean sortu zen; lehenengo beharrak detektatuta, probatzea eta martxan jartzea erabaki genuen”, kontatu digu Fernandezek, LUPAren sorreraz galdetutakoan. Izan ere, aurretik Zinema Txiroa izeneko emanaldiak egin zituzten hainbat urtez Mikelazulon, eta ikusleek, baina bereziki sortzaileek, beren lanaren inguruan eztabaidatzeko eta publikoa hurbil sentitzeko aukera ikaragarri estimatzen zutela ohartu ziren. Horregatik, antolatzaileak, ikusleak eta autoreak elkartzea eta zinema sorkuntza bakartia izatetik oso hurrun dagoela frogatzea da LUPAren arima.

Urtero, mostran aurkeztuko dituzten lanak aukeratzeko deialdia zabaltzen dute, eta proposamen arriskutsuen eta ezberdinen aldeko hautua egiten dute. Ezinbestekoa da haientzat, gainera, aukeratutako dokumentalen egileak jaialdira hurbiltzeko prest egotea, aipatutako helburua lortzeko. Eta horregatik, hein handi batean, Euskal Herriko eta Estatu espainiarreko lanak programatzen dituzte bereziki.

Maiatzaren 11tik 14ra, ostegunetik igandera, 10. edizioa ospatuko dute Donostia eta Errenteria artean, “halako espazioak behar direla sentitzen jarraitzen dugulako”, eta ohiko emanaldiez gain, irudiztatutako musika emanaldiak eta Ez-lekuak arte erakusketa atondu dituzte. Jaialdiaren inguruko xehetasun gehiago ezagutzeko, ez galdu elkarrizketa!