Kritika: ‘Plan de fuga’

Plan-de-fuga-Kritika-02Zuzendaria: Iñaki Dorronsoro

Urtea: 2017

Herrialdea: Espainia

Victor (Alain Fernandez) lapur profesional bat da, eta talde arriskutsu bateko kideek aukeratuko dute banku bat lapurtzen lagundu diezaien; bankuko ganbera akorazatua zulatzea izango da Victorren lana, hain justu. Gaizkileek ez dakitena da Polizia atzean dutela, lapurretan aditua den Packard tenientea buru (Luis Tosar).

Beste iritzi bat idaztea gustatuko litzaidake, baina, film honen alde eginez gero, korporatibismo hutsa litzateke. Euskal Herriak ordezkaritza du Plan de Fuga filmean, Iñaki Dorronsoro zuzendari gasteiztarretik hasita. Aktoreen artean ikusiko ditugu Ramon Agirre eta Itziar Atienza, eta soinu-bandaren sortzailea da Pascal Gaigne, aspaldi gure artean bizi den musikari frantziarra. Aurpegi ezagunak dira, gertukoak, baina esan beharra daukat, samindura handiarekin bada ere, pelikula hau ez niokela inori gomendatuko.

Luis Tosar berme bat izan ohi da, eta, oraingoan ere, lan zuzena egingo du; erakustaldi nabarmenik egin gabe, hori bai. Gauza bera esan daiteke Javier Gutierrezi buruz, pertsonaia nagusiaren lagun minaren paperean. Eta hor amaitzen dira gaurko hitz onak. Alain Fernandez aktorea Victorren larruan sartuko da, eta Alba Galocha Helenaren paperean, biak ala biak topikoetan sakontzeko. Izan ere, thrillerrak izan ohi dituzten harreman sekretu horietako bat eraikitzen saiatuko dira elkarren artean. Victor eta Helenaren elkarrizketak eta buruz burukoak, ordea, ez dira zinemaren historiara pasako; ikusleen artean txinparta piztu beharrean, asperdura eragingo dute naturaltasun faltagatik. Esandakoa, saiakeran geratuko da kontua.

Lagun minen arteko hartu emanak ere ez du sinesgarritasun gehiegirik izango; muturreko leialtasunari dagokionean, behintzat. Robin Hooden paperak ez du lekurik gaizkile, polizia eta mafiosoen arteko halako proposamen batean, Victor iraganeko mamuak uxatzeko edozer gauza egiteko prest azaldu arren.

Topiko gehiago azalduko dira pelikulan. Ez ditut aipatuko, filmaren eduki eskasa ikusita, horixe izan daitekeelako zinemara hurbiltzeko eragingarrietako bat; topikoak antzematea, alegia. Bukaerari buruz ere ez dut txintik ere esango. Interpretazioak libre dira, baina ikusleak ez dezala pentsa amaierak loak kenduko dionik.

Azken batean, ihesbide planen bat asmatzeko gomendatuko nioke zinema aretora hurbiltzeko ausardia duenari, pelikulak aurrera joan ahala beharko du eta.