‘AntiBasque’ lanak film esperimental onenaren saria jaso du Los Angelesen

Karlos Alastrueyren AntiBasque filmak gazteen artean memoria historikoa berreskuratzeak duen garrantzia aldarrikatzen du, eta horretarako fikziozko elementuak eta dokumentala uztartzen ditu. Abel Azkona artistak, eta Lide Martínez-Abaigar eta Lucia Nieto aktoreek, besteak beste, osatutako lanak Los Angeles Film Awards sarietan film esperimental onenaren garaikurra eskuratu berri du.

Gernikako bonbardaketatik abiatuta, Nafarroako, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Europako hainbat txokotan barrena egindako bidaia proposatuko du filmak. Leku horietan guztietan totalitarismoaren gorakada eta kontinente zaharraren zatiketa bizitzen ariko dira. Ibilbidea, Gernikako bonbardaketaren biktimak irudikatzen dituzten eta amnesia duten bi gazteren begietatik egingo du ikusleak.

Karlos eta Javier Alastrueyk idatzi dute gidoia, filmaren zuzendaritza lehenak egin badu ere, eta musika Germán Ormaecheak osatu du. Oteiza Museoarekin elkarlanean errodatu zuten, eta aktore taldean Abel Azkona artista, Lide Martínez-Abaigar, Lucía Nieto, Aintzane Alastruey, Javier Baiogrri, Lorea Otazu eta Gorka Zubeldia topatuko ditugu.

AntiBasque lanak, esan bezala, Los Angeles Film Awards sari banaketako lan esperimental onenaren garaikurra eskuratu du.