Uxue Gaztelumendi: ‘Lasa eta Zabala’

Urtea: 2014

Herrialdea: Euskal Herria

Zuzendaria: Pablo Malo

1983. Josean Lasa eta Joxi Zabala Frantzian desagertzen dira. Familien eta euren abokatuen etengabeko lanak estatu espainiarraren alde ilunena argira atera zuen. Kontatzen duen guztiak men egiten dio iraganeko eztabaida orainera ekartzeko ziurtasunari. Zauria mahai gainean uzten. Nahi izanez gero, azkenean ere gertatutakoa kontatzera ausartzeak derrigorrezko filmea bihurtzen du. Istorioa kontatzeko orduan, gertaeretatik ahalik eta gutxien urruntzen saiatu da zuzendaria.

Pablo Maloren eskutik, ondo zaindutako giropena, aktoreen zuzendaritzapen ona eta desorden adimentsuarekin egindako muntaia. Epaia martxan jartzen den unetik, erritmo ezegonkor batekin aurrera jotzen badu ere, ezinbestekoa den lan baten aurrean gaude. Maloren hirugarren film luzea da hau, gertatutako pasartea kaudimen handiz berreraikitzen du, alderdi ezberdinak eta Estatuaren putzu beltzetan egon ziren pertsonaiak erakutsiz

Gertakizun hunkigarri hauen kontakizuna da Lasa eta Zabala. Bikaina den lehenengo ordu erdi batekin, zuzendariak, thriller judizial interesgarri batean murgilduko gaitu. Iñigo Iruin abokatuaren lana oinarri gisa hartuz, Lasa eta Zabalaren desagerketen epaia azalduz eta, modu berean, euren bahiketa, tortura eta hilketen xehetasunak erakutsiz.

Gure herria minez bete zuen gertaera tamalgarri honen kronika bat ezinbestekoa bai zen jadanik. Argazki lana ere bikaina izanik, zer esan Unax Ugalde aktorearen lanaren inguruan. Ugaldek, bere ibilbidean zehar egindako paperetatik aldenduz, lan zorrotz bat egitea lortzen du; Iruinen indarrak eta ahultasunak gureak eginez. Ez ahazteko beharrezkoa den filma da.