Zineleku, zinemagintza lantzeko euskal udalekuak

Garbiñe Ortega (Gasteiz, 1981) eta Ricardo del Conde (Mexiko Hiria, 1985) dira Zineleku udalekuen antolatzaileak. Iaz egin zuten lehen edizioa Zarautzen, eta arrakastarekin pozik, aurten bigarrena egingo dute Gasteizen. 18-29 urte arteko gazteei zuzendutako ikus-entzunezko udalekuak eskaintzen dituzte, profesionalek emandako eskolak eta saio praktikoak uztartuz. Izen-ematea zabalik da oraindik!

Zinema beste diziplina artistikoekin uztartzea gustatzen zaie, eta Mexikon eta Kalifornian egindako proben ostean, eredua Euskal Herrira ekarri zuten iaz Ortega eta Del Condek. Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiak lagun, hamar eguneko kanpaldia egin zuten Zarautzen, eta gaztetxoekin batera izan ziren Jose Mari Goenaga zinema zuzendaria, Maider Oleaga gidoilari eta zuzendaria, Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendaria, Katixa Agirre idazle eta kazetaria, eta beste hainbat euskal profesional entzutetsu. “Ikasleekin esperientziak konpartitu zituzten, eta aholkuak eman zizkieten. Egun asko eman genituen elkarrekin, gau eta egun, eta horrek familiarteko dinamika sortzen lagundu zigun. Horixe da proiektuaren arima”, azaldu digu Del Condek.

Bigarren edizioa, ostera, Gasteizen egingo dute. Uztailaren 23tik abuztuaren 3ra luzatuko da, eta izen-ematea zabalik izango da ekainaren 30era arte. Horretarako, udalekuen atarira sartu besterik ez da egin behar. Zinema pasioz ikasi nahi duten gazteek ateak parez pare izango dituzte zabalik! Udalekuen egitaraua ezagutzeko eta proiektuaz gehiago jakiteko, ez galdu elkarrizketa.