Asier Abio: ‘La noche del virgen’

Zuzendaria: Roberto San Sebastian

Urtea: 2016

Herrialdea: Euskal Herria 

Ahaztu itzazu generoak… Ez du inporta beldurrezkoa bada, gore bada, komedia bada, euskalduna bada edo ez… Zure eginkizun bakarra zine aretoaren iluntasunean eseri ta bidaiatzen hastea da. Ze hau itzulerarik gabeko bidaia bat da, izakion alde ilunerako bidaia, zure imaginazioak bidaiatu ahal duen lekurik ezkutuenara doan bidaia eta oraindik ere bai. Ze badago harago joateko aukera. “La noche del virgen” filmea estereotipo mental ta fisiko guztiak apurtzera datorren proposamena da, modu zirikatzaile bezain dibertigarri ta ero batean. 

Sinopsia honelako zeozer izango zen:

Gabonzahar ospakizun batean, Nico (Javier Bodalo bikaina), hogei urteko gaztea bere birijintasuna galtzeko asmotan desesperatuta dabil kotiloi batean. Medea (Miriam Martin) izeneko emakume erakargarri ta arriskutsua ezagutuko du. Ta honek bere etxera gonbidatzen duenean, gaua okertzen hasiko da, ezer ez da dirudiena. Nico gaixoa odol, izerdi ta ixuri ezberdinen zurrunbilo batean murgilduko da tope-toperarte.

Roberto San Sebastian bilbotarraren lehen luzemetraia da honakoa, komedia ta beldurra nahasten dituen koktelera barrabas hau, “American Pie filmeko pertsonairen bat Cronenberg-en filme batean sartuko balitz gertatuko zena”, bere hitzetan. 100% made in Bilbao, Platanoboligrafo ekoiztetze ausartaren gidaritzapean, Zorrozaurreko pabiloi bateko 4 asteko lanaren fruitua, inongo laguntza publikoren babesetik kanpo.

Beharbada sormen askatasun hau izan leike honelako proposamen aldebres hau aurrera eramateko modu bakarra, azken urteetako euskal zinemagintzak eman duen lanik original ta lotsagabetariko bat den honak hau, duda barik.

Ta nahiz ta bidaia aluzinogeno honek irauten dituen ia bi orduak pixka bat neketsuak egin ahal diren, zinefilo ta zinejale diren ikusleen erretinatan orain arte ikusi gabeko irudi fresko ta gordin batzuk oso-osorik iltzatuko dira merezimendu osoz.

Gaur egun filmea zine jaialdien distribuzio bidean dago murgilduta, orain arte nazioarteko 12 sari eskuratu dituelarik.  Onartu beharra dago honelako proposamen apurtzaile bat, hitzaren zentzu guztietan, zinema aretoetara ailegatzea ez dela batere lan samurra, baina noizbait ikusteko aukera suertatzen bazaizu, ez alperrik galdu. Zure barren izkutuak ta gerrialdeak nola irauli ta umore basatiarekin bustitzen diren sentiarazi nahi baduzu, hauxe da zure filmea: “La noche del virgen”.