Kritika: ‘The Bye Bye Man’

The_Bye_Bye_Man_Kartela-ZineaZuzendaria: Stacy Title

Urtea: 2017

Herrialdea: AEB

Hiru ikasle gazte etxe zahar batera joango dira bizitzera, unibertsitateko kanpusetik kanpo. Nahigabe, Bye Bye Man izeneko izakiari atea irekiko diote eta beste mundutik gurera etorriko da, asmo onik gabe. Hain zuzen ere, bere izena ahoskatzen duen orori oldartuko zaio. Hortaz, hiru ikasleek sekretupean gordeko dute izaki honen existentzia, heriotza odoltsuak saihesteko.

Zinemak arazo bat du beldurrezko pelikulekin. Arazo hau oharkabean pasa ohi da generoa gustuko ez dutenentzat, proposamen hauetatik urruti egotea nahiago izaten baitute, lo egiteko orduan arazorik ez izateko edo; zaleentzat, ordea, aipatutako arazoa drama hutsa bilakatu da. Izan ere, aspaldian, nik behintzat, ez dut beldurrezko pelikula biribilik topatu, eta asteburuak ez du joera hori aldatu, ezta gutxiagorik ere.

Salbuespenak gero eta guxiago dira. Azken adibide etsigarria The Bye Bye Man filmaren eskutik dator; Nunca digas su nombre izenburuarekin iragarrita dago gazteleraz. Bada, bai, ohartarazpenari muzin egin diot, pelikularen titulua aipatu dut. Agian munstro edo espiritu bidegaberen bat agertuko zait gauean ohearen oinetan arrisku hori hartzeagatik, baina zintzotasuna zor diet ikusleei eta izena esatera behartuta nago arrazoi sinple batengatik: karteldegian dauden aukeren artean, zein alboratu jakin dezaten. Leialtasun kontua da..v

Hasiera itxaropentsuaren ostean (gaur idatziko dudan gauza on bakarra), pelikulak behera egingo du abiadura bizian, beldur eragile izan beharrean, barregarri geratu arte. Topikoz beteta dago, gainera; etxe madarikatua dela, aurreikusi daitekezeen pasarteak direla. Benetako gertaeretan oinarritutako leloa ere ez da falta, baina benetan beldurgarria dena Carrie-Anne Moss eta Faye Dunaway aktoreen presentzia da. Mamuen antzera azalduko dira pantaila handian, bigarren mailako bi pertsonaien larruan, garai zaharrak hobeak direla dioen esaera berresteko. Trinity-k (The Matrix, 1999) eta Dianak (Network, 1976) burua altxatuko balute…

Pelikularen atzean Paranormal Activity (Oren Peli, 2007), Insidious (James Wan, 2010) eta Ouija (Mike Flanagan, 2016) bezalako filmetan parte hartutako profesionalak daude. Hala, akatsa jatorrian dago; aipatutakoak lan kaskarrak ez diren arren, proposamen honek haietatik edan duelako, topikoetan sakontzeko. Eta horrela ez dago ezer berririk eskaintzerik.