Euskal dokumentalak, Arroxelako Sunny Side of the Doc azokan

Ekainaren 19tik 22ra Arroxelan (Frantzia) egingo dute Sunny Side of the Doc dokumentalen azoka garrantzitsuaren edizio berria. Etxepare Euskal Insititutuak eta Eiken Ikus-entzunezkoen Klusterrak stand bat jarriko dute bertara hurbiltzen diren euskal ekoizleentzat, baina joateko aukerarik ez dutenek ere beren lanak parte hartzaileei banatuko dieten katalogoan sartzeko aukera izango dute.

Sunny-Side-of-the-Doc-Zinea

Euskal dokumentalgileak sarri joaten dira Arroxelako Sunny Side of the Doc jaialdira. Izan ere, dokumentalen nazioarteko azoka garrantzitsua da, eta munduko herrialde guztietako ordezkariak joaten dira proiektuak aurkeztu eta tratuak egitera.

Etxepare Euskal Institutuak eta Eiken Ikus-entzunezko Klusterrak standa jarri ohi dute bertan, euskal zuzendari eta ekoizleek bilerak egin ditzaten eta aholkuak emateko. Baina horrez gain, aurten parte hartzaile guztiei banatuko dieten katalogoa ere prestatuko dute, euskal ekoizpenen informazioarekin. Bertara joango diren proiektuez gain, euskal ekoizpen orori ere eskainiko diote katalogoan azaltzeko aukera.

Enpresa bakoitzak, gehienez, bi proiektu bidali ahal izango ditu, eta eskaera egiteko azken eguna ekainaren 1a izango da. Enpresaren eta dokumentalaren irudiak eta lanaren datuak helerazi behar dira.