Afalostekoak

Zine eskolan hasi nintzenean nire lehen laburra idatzi behar izan nuen. Ezaugarri jakin batzuk eduki behar zituen: istorioa eszenatoki bakar batean kokatu behar zen, eta eszenatoki hori eskolako plato txiki batean eraiki behar genuen ikasleok. Ospitale bateko itxaron gelan kokatu nuen nire lana; bi ezezagunen arteko konexioari buruz idatzi nahi nuen, eta lokalizazio interesgarria iruditu zitzaidan. Pertsonaiak ere topatu nituen: 12-13 urteko neska bat eta 65 urte inguruko gizon itsu bat. Gidoia idatzi, eszenatokia eraiki eta laburra grabatu genuen. Eta desastre hutsa da. Ikusteak (eta nire kasuan, erakusteak) lotsa ematen duen labur horietakoa. Elkarrizketak idazten nituen lehen aldia zen, eta kutsu literarioegia eman nien. Bestalde, eszenatoki bakarra edukita, elkarrizketetan jarri nuen arreta guztia, eta laburraren alde bisuala bigarren maila batean utzi nuen. Emaitza? Lehen aipatutakoa: lotsagarria.

Ondoren idatzi ditudan labur gehienek ez dute elkarrizketarik. Laburraren alderdi bisualean indarra jarri nahia izan da beti erabili dudan aitzakia, baina egia esan, beldurra diot elkarrizketak idazteari. Istoriorik onena ere izorra dezakete elkarrizketa txarrek. Eta oso zaila da elkarrizketa on bat sortzea: pertsonaiaren izaeraren adierazlea behar du izan, baina nabarmenegia izan gabe, naturala izan behar du, ikuslegoari informazioa eman beharragatik idatzitakoak saihestu behar dira, eta beti gehitu behar diote zerbait eszenari. Ez da lan erraza.

Ospitaleko itxaron gelako laburraren porrota asimilatu eta urtebetera, zinemara joan nintzen ikaskide batzuekin. Ez genuen aukeratutako filmaren inguruko informazio gehiegirik, emakume protagonistaren papera Meryl Streepek antzeztu zuela, besterik ez. Zinematik liluratuta atera ginen. Baina istorioak baino gehiago, elkarrizketek harritu ninduten ni. Ezin nuen sinetsi bi orduko eta akzio gutxiko film batek nola utzi gintzakeen gehiago ikusteko gogoz. Antzerki obra batean oinarritutako filma zen eta, beraz, elkarrizketak ziren oinarria, baina aldi berean, alderdi bisualari garrantzia ematen zitzaion. August: Osage County (John Wells, 2013) izena du filmak, eta elkarrizketa onak idazteko ikastaro bat izan liteke.

Afalostekoak-Uxue-Arzelus-Zinea-03

Filma berrikusi dut. Ez nintzen nire oroitzapenez fio. Beharbada momentuko zerbait izan zen, film txarren segida baten ondoren ikusiko nuen agian, baina ez, zuzen nengoen. Bazen eszena bat bereziki gogoratzen nuena, eta hiru urteren ondoren, mundiala izaten jarraitzen du. Streep eta familiako bederatzi kide haren senarraren elizkizunaren ondoren elkartuko dira, afaltzeko. Hogei minutu iraungo ditu eszenak, hamar pertsonaiak mahaiaren inguruan egongo dira eserita, eta dena elkarrizketa izango da. Ez da lurrikararik gertatuko, inork ez du bihotzekorik izango, ez da alargunaren senar ohia atetik sartuko. Hamar pertsonaia dira, hizketan. Eta film oso bat izan liteke. Ez anekdota moduan oroituko den filme labur bat, ez, elkarrizketekiko nuen beldur hori arintzea lortu zuen film oso eta borobil bat baizik.