Anaiz Aguirre (Gabarra Films): “Ez digute euskal zinemari buruz fitxik erraiten”

Anaiz Aguirre Olhagaray Gabarra Films banaketa etxeko kidea da. Urte hasieran hasi zen bertan lanean, baina proiektuak 2013an du iturburua, Baionako Atalante zinema euskal filmak Ipar Euskal Herrian eta Frantzia osoan banatzeko aukera lantzen hasi zenean. Egun hamar zinema-gelak osatzen dute Ipar Euskal Herriko aretoen sarea, eta iaz Amama (Asier Altuna, 2015) filmak izandako arrakastaren ondotik, Kalebegiak (Askoren artean, 2016) banatzen ari dira orain, ekainera bitarte.

Aguirreren hitzetan, “Dantza, musika, antzerkia… gure kulturaren adierazpide gisa ulertzen ditugu, baina Ipar Euskal Herrian zinema ez da multzo horretan sartu”. Era berean, Hego Euskal Herriko zinemagintza erabat ezezaguna zaiela dio, eta zinemaren alorrean lan egiteko, Parisera joateko beharra ikusi duela beti, ez mugaz bestaldera.”Ez digute euskal zinemari buruz fitxik erraiten”, azpimarratu du.

Hego Euskal Herrian nahikoa produkzio zegoela, baina Ipar Euskal Herriko herritarrek horiek ikusteko aukera gutxi zituztela ebatzi zuen Atalantek orain urte batzuk, eta hutsune horri erantzun bat emateko, urtean bi ala hiru euskal film banatzeko konpromisoa hartu du Gabarra Films banaketa etxearen bidez. “Gure indargunea beste zinema aretoekin elkarlanean aritzea da”, gehitu du Aguirrek.

Gabarra Filmsen sorrera eta helburuez, eta euskal zinemagintzaren inguruan, oro har, mintzatu gara berarekin Baionako Atalante zinema-gelan.