40. Euskal Zine Bilerara lanak aurkezteko deialdia zabaldu dute

Euskarazko zinema jaialdi entzutetsuenaren 40. edizioa urriaren 14tik 21era egingo dute Lekeition, eta lanak aurkezteko deialdia zabaldu berri dute, uztailaren 31ra arte. 30 minutu baino gutxiagoko iraupena duten euskal filmak aurkez daitezke, eta hautespen batzordeak 50 lan aukeratuko ditu (gehienez) jaialdian eskaintzeko, amateurren eta profesionalen arteko oreka bilatuz.

40-Euskal-Zine-BileraAzarotik urrira aurreratu zuten iaz Euskal Zine Bilera, eta aldaketarekin gustura, 40. edizioa ere hil horretan egingo dute. Filmak aurkezteko deialdia joan zen astean zabaldu zuten, eta uztailaren 31ra arte luzatuko dute epea. Parte hartu nahi duen orok jaialdiaren atarian formularioa bete beharko du lehenik, eta ostean, Click For Festivals plataformaren bidez filma bidali. Xehetasun guztiak jaialdiaren oinarrietan topatuko dituzue.

Euskarazko filmak baino ez dituzte onartuko, eta zatiren batean beste hizkuntzaren bat erabiltzen bada, azpitituluak jartzea derrigorrezkoa izango da. Filmak editatuta aurkeztu beharko dira, 30 minutu baino gutxiago iraun beharko dute, eta ezingo dira aurreko urteetan aurkeztutako lanak bidali.

Hautespen batzordeak 50 film aukeratuko ditu gehienez jaialdian lehiatzeko, amateurren eta profesionalen artean oreka zainduta. Eta sariak, urtero legez, oso potoloak izango dira: zuzendari onenaren saria (1.600 eta 1.000 euro, hurrenez hurren, profesionalen eta amateurren kategorietan), gidoi onenaren saria (1.600 eta 1.000 euro, hurrenez hurren, profesionalen eta amateurren kategorietan), eta film onenaren saria (1.900 eta 1.300 euro, hurrenez hurren, profesionalen eta amateurren kategorietan). Iazko palmaresa kontsulta dezakezue.