Aritz Sorzabali erreleboa hartuta, ekainetik aurrera Mikel Zumeta hondarribiarra izango da Zinea atariko kritikari berria. Josemi Beltran Giza Eskubideen Zinemaldiko eta Fantasia eta Beldurrezko Zinemaren Asteko zuzendariak, Iñaki Lazkano EHUko irakasle eta kazetariak, eta Ane Muñoz kazetari, zinegile eta scriptak osatutako epaimahaiak Koldo Almandozen Sipo Phantasma filmari egindako kritika goraipatu du.

joshua-k-jackson-Zinea

Espero baino azkarrago igaro da urtea, eta hamabi hilabetez, astero astero, gurekin kolaboratzen aritu ostean, Aritz Sorzabalek aste honetan idatziko du atarirako bere azken kritika. Lan bikaina egin du, euskal filmak zein atzerrikoak eta genero guztietako proposamenak gurera ekarrita. Donostia Zinemaldian ere buru-belarri aritu zen, Zinemira saileko hainbat filmen ingurukoak gurekin partekatzen, eta oso eskertuta gaude, primerako lankidea izan delako.

Baina urtebeteko konpromisoa amaitzear da, eta datorren astetik aurrera Mikel Zumeta izango da atariko kritikari berria. Koldo Almandozen Sipo Phantasma filmaren kritikarekin hartu zuen parte III. Kritika Lehiaketan, eta epaimahaikideek testuaren freskotasuna azpimarratu nahi izan dute. Zumetaren lana eta gainerako parte hartzaileek bidalitako kritikak irakurgai dituzue.

Honenbestez, eskerrak eman nahi dizkizuegu berriro lehiaketan parte hartu duzuen guztiei, eta espero dugu Uxue Arzelusekin eta Aritz Sorzabalekin egin bezala, Mikel Zumetarekin ere hortxe izango zaretela, asteazkenero zinema aretotik ekarriko dizkigun berriak jarraitzen. Hirugarren denboraldia martxan!