‘Nur eta herensugearen tenplua’ filmaren aurrestreinaldia egin zuten larunbatean Donostian

200 lagundik gora bildu ziren joan zen larunbatean, maiatzak 17, Donostiako Principe zineman, Juanba Berasategik zuzendutako azken filmaren aurrestreinaldiaz gozatzeko. Filmak oinarrian duen ipuinaren idazle Toti Martinez de Lezea eta zinegilearen senide eta lagunak elkartu ziren emanaldian.

Haur zein helduentzako saio dibertigarria antolatu zuten iragan larunbatean Donostiako Principe zinemetan. Nur eta herensugearen tenplua filmaren aurrestreinaldia egin zuten bertan, 12:00etatik aurrera, izan ere, apiril amaieran zendu zen Juanba Berasategiren azken filma ostiralean, ekainak 2, estreinatuko dute EAEko eta Nafarroako hainbat zinema aretotan.

Nur-Aurrestreinaldia-Zinea

Filmak Toti Martinez de Lezearen haurrentzako eleberri homonimoa du oinarrian, eta gurasoekin Txinara bizitzera joandako Nur neskatilaren abenturak kontatuko ditu. Lagun baten urtebetetze festa ospatzera joango da, baina laguna bera desagertu egingo da, eta haren bila abiatuko dira Nur eta gainerako neska-mutilak, labirinto batean barrena.

Emanaldian izan ziren Lotura Films ekoizpen etxeko kideak, baita filmaren ekoizpenean parte hartu duten beste hainbat profesional ere. Eta bertaratutako haurren artean bi liburu-bilduma zozkatu zituzten.