Nur eta herensugearen tenplua

Juanba Berasategiren azken filmak Txinako dragoien eta tenpluen mundura eramango gaitu, Toti Martinez de Lezeak sortutako Nur neskatilaren bidez. Izan ere, gaztea Txinara joango da gurasoekin, eta bertako lagun baten urtebetetze-festan zirraraz beteriko abentura biziko du, labirinto batean barrena. Lotura Filmsen ekoitzi du haurrentzako animaziozko lana, eta Martinez de Lezearen gidoia egokitzeaz arduratu da Eneko Olasagasti aktore, zuzendari eta idazlea. Hego Euskal Herriko dozena bat zinema aretotan ez ezik, Madrilen eta Bartzelonan ere izango da ikusgai filma.

Clash

2013an Kairon jazotako prostesten testuinguruan kokatuta dago Mohamed Diab egiptoarraren polizia giroko drama. Morsi presidente islamista kargutik kentzeko helburua duten protestetan, hainbat manifestari atxilotuko dituzte, eta Poliziaren furgoi batean sartu. Manifestariak ideologia ezberdineko herritarrak izango dira, eta lau pareten artean, asaldatuta dagoen gizartearen liskarren isla izango dira. Etenik gabe tentsioa mantentzeko gaitasuna eta kameraren erabilera bikaina azpimarratu zituzten kritikariek filma iazko Cannesko Un Certain Regard sailean aurkeztu zutenean.

https://youtu.be/5km7bDqMNjo

Norman: The Moderate Rise and Tragic Fall of a New York Fixer

Richard Gere aktoreak gorpuztutako Norman Oppenheimer New Yorken bizi den fundamentu gutxiko finantza agente bakartia izango da. Ez du arrakastarik izango, eta bere helburu nagusia harreman sare interesgarria osatzea izango da. Egun batean Micha Eshel politikari israeldar gaztea ezagutuko du, hura ere garai txarra igarotzen ariko denean. Eta hiru urte geroago, itzal handiko politikari bilakatuko denean, Normanen bizimodua aldatuko du. Joseph Cedar zinegile israeldarraren filma Torontoko jaialdian estreinatu zuten iaz. Aurretik, Beaufort (2007) eta Footnote (2011) filmak zuzendu ditu, Berlinen eta Cannesen saritutako harribitxiak.

Marie Curie

Marie Noëlle zinegile alemaniarrak, bere aldetik, XX. mendearen lehen  urteetan girotutako drama biografikoa ekarriko digu, Marie Curie fisikariaren inguruan. Pierre senarrarekin batera Fisikako Nobel saria jaso eta denbora gutxira, gizona istripu batean zendu zen. Ondorioz, ikerketa zientifikoan murgildu zen Curie, eta Parisko Sorbona Unibertsitatean katedra eskuratu zuen lehen emakumea bilakatu zen. Ezkonduta zegoen zientzialari batekin maitemindu zen, eta gizonaren emazteak bien arteko harremana publiko egin zuen, Marie Curiek Kimikako Nobel saria jaso zuen garai berean. Kontzientziaren harrak ez zion lorpenaz gozatzen utzi.

Correspondências

Dokumentalaren eta fikzioaren arteko mugan kokatzen den proposamena iazko Locarnoko zinema jaialdian estreinatu zuen Rita Azevedo Gomes zinegile portugaldarrak. Jorge de Sena eta Sophia Mello Breyner Andersen poeten arteko gutun bidezko harremana du oinarrian filmak, Brasilera lehenik eta AEBtara ostean, erbesteratu behar izan baitzen lehena. Haien poesia eta bertsoen bidez elkarrizketa moduko bat sortuko du zinegileak.

The Promise (La promesa)

Otomandar Inperioaren azken egunetan, Michael (Oscar Isaac) medikuntza ikaslea eta Chris (Christian Bale) AP albiste agentzia estatubatuarreko kazetari entzutetsua emakume berberarekin (Charlotte Le Bon) maiteminduko dira. 20ko hamarkadan girotutako maitasun istorioa zuzendu du Terry Georgek, AEBen eta Espainiaren artean osatutako koprodukzioan.

Como la espuma

Oinarrian maitasuna duten hainbat istorioz osatutako komedia. Sara Sálamo, Nacho San José, Pepe Ocio, Sergio Torrico, María Cotiello eta Miguel Diosdado aktoreek, besteak beste, topo egin dute dozenaka film labur zuzendu dituen Roberto Pérez Toledok gidatutako film luze dibertigarrian. Sexua eta emozioak nahasiko dira hamabost bat lagun elkartuko dituen luxuzko etxe batean antolatutako orgian.

Mil coses que faria per tu (Mil cosas que haría por ti)

Dídac Cervera zinegile katalanaren opera prima. Dani eta Monica bikotekideen harremana une zailak igarotzen ariko da, neskak urtebetetzean oparitutako erlojua galduko duenean. Izan ere, Monica etsita egongo da Daniren despiste eta aldrebeskeriekin. Horregatik, Elias lagunaren gomendioak jarraituko ditu erlojua ez ezik, neskarekin zuen harremana ere berreskuratzeko. Valentzian eta Bartzelonan errodatu zuten filma iragan udan.

Die dunkle Seite des Mondes (La cara oculta de la luna)

Enpresa munduaren iluntasunak azalera ekarriko ditu, ordea, Stephan Rick zinegilearen film alemaniarrak. Urs Blank (Moritz Bleibtreu) izango da filmeko protagonista. Arrakasta handiko abokatua da, baina galbidera eraman zuen negozio-gizon batek bere buruaz beste egin duela jakingo duenean, berak ere bere bizitzaren kontrola galduko du.

Bittersweet Days

Bartzelonan girotutako komedia erromantikoa zuzendu du, halaber, Marga Meliák. Juliaren mutil-laguna Londresera joango da, eta etxebizitzaren gastuei aurre egiteko, Luuk argazkilari holandarrarekin partekatuko du pisua. Elkarbizitzak biengan eragingo du.

Unforgettable

Jeloskor dagoen emakume bat bere senar ohiaren emazte berriaren bizimodua suntsitzen ahaleginduko da. Denise Di Novik zuzendu du Rosario Dawson, Katherine Heigl eta Geoff Stults protagonista dituen thriller amerikarra.