Ikusmira Berriak programak 2017 urteko proiektuak hautatu ditu

Donostia Zinemaldiak aditzera eman ditu Ikusmira Berriak programaren hirugarren edizioak hartuko dituen bost zinemagileren lau proposamenak, Maider Fernandez Iriarte zuzendari donostiarraren proiektua tartean. Berrikuntza eta hizkuntza berrien alde egiten duten ikus-entzunezko talentu zein industrien inplikazioa bilatu eta, bide batez, saritu nahi izan du horrela Tabakalerak eta Donostiako Zinemaldiaren lankidetzaz jaiotako ekimenak.

Ikusmira-Berriak-Zinea.eus

Errealizadore hautatuek sei asteko egonaldia egingo dute Donostian, abuztuaren 21etik aurrera. Lehen lau asteetan, beren proiektuak lantzen arituko dira Tabakalerako Sortzaileen gunean, eta eskola magistralak eta kideen aholkularitza jasoko dituzte. Bostgarren astean, pitching-saioa prestatuko dute, eta aurkezpena egonaldiko seigarren astean egingo dute Donostiako Zinemaldiaren Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren baitan. Programak, gainera, 20.00 euroko laguntza banatuko du hautatutako proiektuen artean , eta REC Grabaketa Estudioak film luze bat egiteko postprodukzio-zerbitzuak eskainiko ditu, 35.000 euroko balioarekin.

Hautespen-batzordeak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko kideek osatu dute, eta 19 herrialdetatik jasotako 159 proposamen aztertuz. Hautagaien zerredak %320 egin du gora aurreko urtearekiko, eta, horien hautaketa egiteko, epaimahaiak nazioarteko adituen batzorde baten aholkularitza izan du: Carlo Chatrian, Locarnoko zinema-jaialdiko zuzendaria; Sergio Oksman, Brasilgo zinemagilea; Ada Solomon, Errumaniako produktorea.

Hautatutako proiektuak:

  • Las letras de Jordi (EAEko errealizadoreen kategorian)

Maider Fernandez etxekoak Jainkoarekiko maitasuna eta gizon aske baten hitzaren inguruko proposamena aurkeztu du. Gizon hori, Jordi, 51 urte atzera jaio zen, garuneko paralisiarekin.

  • Eles transportan a mote (Espainiako errealizadoreen kategorian)

Samuel M. Delgado eta Helena Giron zuzendariek narrazioa eta esperimentazio nahastu dituzte Kristobal Kolon buru zuen espedizio bateko hiru tripulatzaileren ihesa esploratzeko.

  • Águila de papel (Nazioarteko Errealizadoreen kategorian)

Julia Pescer sortzaile argentinarrak tensegritatearen inguruko esperientzia familiar eta personal batean oinarritu du bere kontakizuna, Espainiaren konkista baino lehenago Mexikon garatutako ‘pase magiko’ deitutako mugimenduen inguruan hain zuzen.

  • Stephanie (Donostia Zinemaldiko Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako aurreko edizioetan parte hartu duten zinemagileen kategorian)

Leonardo Van Dijlek belgikarra bueltan dator Donostiara bigarren urtez. Ikasleen Nazioarteko topaketan parte hartu ostean, bere proiektuak 15 urteko gimnasta bat hartuko du ardatz, lesio larri baten ondorioz bizitza aldatzera behartutako gazte bat.