Jaurlaritzak zinemarako laguntzen egitura berria aurkeztu du

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak eta Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendariak agerraldia egin dute gaur Tabakaleran, zinemaren sektoreko profesionalen eta kazetarien aurrean. Eusko Jaurlaritzak zinemagintzarako diru-laguntzen egitura berria aurkeztu du, eta aurrekontua % 35 igo dela nabarmendu dute, 2.660.000 eurora.

Jaurlaritzak euskal zinemagintza-industriaren bidelagun izan nahi duela azpimarratuz zabaldu du saioa Zupiriak, eta diru-laguntza deialdia sektorearen unean uneko premietara egokitu behar dela: “Horregatik, hainbat urtetako bidearen ondorioa da gaur aurkeztuko dugun aldaketa-zerrenda”. Bereziki sektoreko profesionalei zuzendutako agerraldiak espero baino erantzun zabalagoa izan du, aretoa erabat bete baita.

Egokitzapenak gauzatzerako orduan, Jaurlaritzak bi helburu nagusi izan ditu: batetik, talentu berriak detektatzea eta haiek sustatu eta zaintzea; eta, bestetik, lanak nazioartekotzea, koprodukzioaren bidez, nagusiki.

Kopuruak

Iazkoarekin alderatuta, aurrekontua % 35 igoko da, hau da, 2.660.000 euro banatuko dituzte orotara aurten.

Zineuskadiren laguntzak (Zinema Euskaraz programaren bidez haurrentzako filmak euskaraz bikoizteko laguntza, euskal filmak estreinatzen dituzten zinema aretoentzako laguntza, eta euskal filmek publizitatean eta sustapenean dituzten gastuak estaltzeko laguntza) bere horretan mantenduko dira, alegia, 570.000 eurokoa izango da partida osoa.

Aldiz, gidoien sorkuntzara, proiektuen garapenera eta filmen ekoizpenera bideratutako ataletan aldaketak egongo dira.

Gidoien sorkuntza

2016an 141.000 euro bideratu zituzten gidoien sorkuntzara, profesionalen eta amateurren kategorietan banatuta. Aurten, aldiz, 100.000 eurokoak izango dira. Arrazoia? Zupiriaren eta Muñozen hitzetan, laguntza horren bidez idatzitako gidoiak, kasu askotan, ez dira ikus-entzunezko bilakatzera heltzen. Hau da, muga moduko bat dago gidoien sorkuntzarako laguntza jasotzen duten proiektuen eta aurrera ateratzen diren filmen artean. Horregatik, laguntza hau murriztea erabaki dute.

Baina trukean, proiektuen garapenera bideratutako deialdian egokitzapen batzuk egin dituzte, gidoien garapenera zuzendutako zatia handiagoa izan dadin.

Proiektuen garapena

Proiektuen garapenerako laguntzaren barruan, proiektuari lotutako informazioa ikertzeko, materiala sortzen hasteko, lokalizazioak bilatzeko, nazioarteko azoketara joateko, eta bestelako gastuei aurre egiteko dirua jasotzen dute ekoizpen etxeek. Muñozek zehaztu du, baina, kasu askotan, laguntza horiek beste era batean erabiltzen dituztela ekoizpen etxeek, hau da, produkziorik ez duten urteetan aurrera ateratzeko baliatzen dituztela, funtzionamendu gastuetan xahutuz.

Horren ordez, garapenera bideratutako laguntzaren zati handi bat gidoiaren garapenarekin jarraitzera eta proiektuak jasandako aldaketen aurrean testua moldatzera bideratu dadin nahi dute, eta horregatik, garapenerako diru partida 200.000 euro handitzeaz gain (iazko deialdia 100.000 eurokoa izan zen), jasotako kopuruaren % 45 gidoia lantzera soilik bideratu beharko dute ekoizleek.

“Eredu berriak ekoizlearen eta gidoilariaren arteko elkarlana sustatu nahi du”, gaineratu du Muñozek. Ondorioz, garapenerako laguntza jaso duten proiektuek kopuruaren ia erdia gidoira soilik zuzendu beharko dute.

Aundiya-Zinea-Laguntzak-Jaurlaritza-01

Filmen ekoizpena

Filmen ekoizpenerako laguntzei dagokienez, azkenik, orain arteko lau atalak bereizten jarraituko dute: film luzeak (1.360.000 euroko aurrekontua, iaz baino 360.000 euro gehiago), animazioa (500.000 euroko aurrekontua, iaz baino 100.000 euro gehiago), dokumentalak (240.000 euroko aurrekontua, iaz baino 60.000 euro gehiago) eta film laburrak (160.000 euroko aurrekontua, iaz baino 40.000 euro gehiago).

Kasu honetan, baina, aldaketa nagusia film luzeen atalean egin dute. Orain arte, aurrekontu txikia ala handia izan, film guztiak zaku berean sartzen zituzten. Aurrerantzean, ostera, 800.000 euro baino gutxiagoko aurrekontua duten proiektuentzako partida berezi bat sortuko dute, 500.000 eurokoa. Deialdi honetara aurkezten diren egitasmoak, gehienez, 250.000 euroko laguntza jaso ahal izango dute.

“Oro har, aurrekontu txikiak dituzten proiektuak sortzaile berrien lanak izaten dira, proiektu arriskutsuak, abentura berriak… Eta gainera, kasu askotan, emakumeek zuzendutako filmak talde honetan sartzen dira”, azaldu du Muñozek. Horregatik, partida honen bidez, sortzaile berriak eta emakumezkoen lanak sustatzea espero dute.

Genero ikuspegiari dagokionez, halaber, laguntzak eskatzerako orduan, talde teknikoan emakumeak izateak puntu gehiago eman izan ditu orain arte. Dena den, aurretik proiektuaren nolakotasunari lotutako galbahe bat igaro beharra zegoen, eta ondoren aztertzen zuten genero berdintasunaren auzia. Deialdi berrian, aldiz, emakumezkoen parte-hartzea duten lanak lehen unetik sarituko dituzte, prozesuan aurrera egiteko puntuak emanez.

Euskara

Hizkuntzaren auziari begiratuta, euskarazko lanentzako ez dute aparteko lerrorik zabalduko. Izan ere, Muñozen aburuz, euskarazko ekoizpena ez da apartekoa, “Euskal Herriko zinemagintzaren bihotza baizik”, eta honenbestez, orain arte bezala, euskarazko proiektuek puntu gehiago jasoko dituzte, “proiektu arriskutsu” diren aldetik, esfortzu hori saritzen zaielako.

Datak

Aurtengo deialdiak ohi baino beranduago helduko dira, aldaketa prozesua luzea delako. Hala, ekoizpenera bideratutako laguntzen deialdia uztailean zabaltzeko asmoa iragarri dute, eta gidoien sorkuntzara eta proiektuen garapenera zuzendutakoak, irailean.

Azkenik, sektoreko profesionalekin beste hainbat gai aurrez aurre lantzen jarraituko dutela gogoratu du sailburuordeak, hala nola, desgrabazio fiskalen auzia, Film Comissionak, nazioarteko azoketako parte-hartzea eta bi alderdien arteko elkarlana. Horrekin batera, Europa Creativa bulegoaren erabilera indartzeko nahia agertu du Atorrasagastik: “Etekin handiagoa atera behar diogu”.