Kritika: ‘Personal Shopper’

Personal-Shopper-Zinea-Kritika-Mikel-ZumetaZuzendaria: Olivier Assayas

Urtea: 2016

Herrialdea: Frantzia eta Alemania

Presentziak eta hutsak, hor dago koska, atxikimendua elikatzen duen erregaia. Nor da gure barruan sakonen bizi den pertsona, nork biziraungo ditu ekaitz, lehorte eta lurrikara guztiek eragindako hondamendiak? Eta non dago, non aurki dezakegu, ikusi ezin badugu? Hor jarraituko du, arotzak bezala, berak ere gure azalean marka utzi duelako, gure oroitzapenekin artelanik ederrena zizelkatuz.

Hor dugu Kristen Stewart, Maureen izeneko pertsonaia antzezten, James Dean eder bat, ederra bezain hauskorra.

Maureen Parisen bizi den gaztea da; indarrez beteta dagoela dirudi, estoikoa da, nihilista, errebeldea, emakume gazte gogorra. Baina Maureen pertsona bat da, eta pertsona den aldetik, hauskorra ere bada; eta hala erakutsiko digu Olivier Assayasek, filmak irauten dituen 105 minutuetan. Porlan txinatar finena bezalakoa da Kristen Stewart, edertasun estetikoa plano bakoitzean. Begirada, keinu eta mugimendu leunekin misterioa zein den jakitera eraman nahiko gaitu. Zergatik da Maureen horrelakoa, hain hipnotikoa? Botere hori guztia eusten duen ontzia eroriko den arte, mugimendu geldo eta ederrekin beti ere, berak egiten dakien bezala. Eta krak, apurtu egingo da Maureen, eta bere edertasuna are nabarmenagoa izango da orduan.

Zein ederra den ahultasuna! Agian hori da gure protagonista erakargarri egingo duena, gogorra dirudien arren, guztiz ahul eta hauskorra ere badela horren agerikoa izatea. Zer nahi du Maurineek? Ez dakigu. Akaso berak bai? Noren nahia ase nahiko du? Lewis bere anaiarena? Kyra bere nagusiarena, haren mandatu, erosketa eta gutizi guztiak gogobete beharko dituenean?

Boteretsua da oso Maureen, eta era berean, botere harremanak sortzen ditu bere bizitzan azaltzen diren pertsona guztiekin. Eta argi dago norabide zehatzik ez dugunean dirdira gehien egiten duen argirantz jotzeko joera dugula. Ez dugu baldintzarik jarriko, ez dugulako argi hori itzaltzerik nahiko, desira guztiak bertan bete ahal izango ditugulako, agian. Ez dakigu, ezta Maurineek ere, baina ez dugu galdetuko, badaezpada.

Baina botere harremanak arriskutsuak dira, bortizkeria informazioaren erabileraren nolakotasunean egon daitekeelako. Nork zer esan, nola edo noiz, eta nola ez, zer ezkutatu, edo zer isildu. Hutsune guztiak beteko ditugu, galdera guztiak erantzun, gure puzzlea osatu arte. Eta jarrai dezagun argiak piztuta jarraitzen duen bitartean, gogoetak burutzeko denbora emango digulakoan, zain.

Alderdi teknikoari dagokionez, soinuaren, erritmoaren, eta zer esanik ez, argazkiaren sinpletasuna goraipatuko nituzke Mies Van der Rohe arkitektu alemanaren hitzak erabiliz: “Less is more”.

Soinua itzela da; superprodukzio estatubatuar askotan ez bezala, ez gaitu sentimenduak eta sentsazioak modu guztiz artifizialean sentitzera bultzatuko. Horren ordez, eszena eta egoerari tonua emateko erabiliko dute, legami perfektua duen opil batean bezala, eta karga dramatikoa ebaki ahal izango dugu eszena batzuetan.

Nora eraman nahi gaitu zuzendariak film honekin? Beharbada, ez du helmuga konkreturik, helburu argirik. Baina argi daukadana ondorengoa da: batzuetan aurrean ez ditugunak hartzen ditugula soilik kontuan. Eta istorio desberdinetatik tira eginda ere, soka berera hel gaitezkeela, funtsean, grina sakonenetatik ateratzen direlako haririk luzeenak.