Begibistan 2017 jaialdira lanak aurkezteko epea zabalik!

Nerbioi eskualdeko film laburren jaialdia da Begibistan, lau urteko etenaldiaren ostean, iaz berriz ere martxan jarri zutena. Bada, 2017ko edizioa urriaren 4tik 8ra egingo duten arren, lanak aurkezteko epea zabaldu berri dutela iragarri dute antolatzaileek. 2016an eta 2017an egindako film laburrak aurkeztu ahal izango dira, 30 minutu baino gutxiagoko iraupena dutenak, uztailaren 17a baino lehen.

Begibistan-2017-Zinea-Kartela-01Euskal zinemagintza sustatzeko eta film laburren erakusleihoa izateko asmoa du Amurrioko Zinemaren Asteak. Bertan parte hartzeko aukera duten bakarrak Euskal Herriko herritarrak dira (Hego Euskal Herria, Ipar Euskal Herria eta Nafarroa), eta egile bakoitzak gehienez bi lan aurkezteko aukera du.

Egileen jatorriaren arabera, bi kategoria bereizi dituzte: Nerbioibistan, Nerbioi eskualdeko lanentzat, eta Ofibistan, gainerako filmentzako sail ofiziala. Epaimahaiak orotara zazpi sari banatuko ditu: Ofibistan saileko film labur onenaren saria, 1.200 eurokoa; euskarazko film labur onenaren saria, 1.000 eurokoa; zuzendari onenaren saria, 200 eurokoa; argazki onenaren saria, 200 eurokoa; emakumezko aktore onenaren saria, 200 eurokoa; gizonezko aktore onenaren saria, 200 eurokoa; eta Nerbioibistan saileko film labur onenaren saria, 500 eurokoa.

Horrez gainera, ikusleen 500 euroko saria eta Banatu Filmakek ematen duen banaketarako saria ere izango dira.

Esan bezala, filmak aurkezteko azken eguna uztailaren 17a izango da, eta izen-ematea erabat doakoa da. Posta elektronikoaren bidez zein online plataformak erabilita egin daiteke. Informazio guztia jaialdiaren atarian topatuko duzue.