Donosskino jaialdiaren lehen edizioa aurkeztu dute

Aste hasieran aurreratu genizuen bezala, Donostiak film laburrei eskainitako jaialdia izango du aurrerantzean. Donosskino du izena, eta Kristonkino kolektiboaren ekimenez sortu da. Lehen edizioa uztailaren 6tik 8ra egingo dute, eta orotara 1.200 film labur aurkeztu dira jaialdira. Emanaldiak Egia auzoko Blas de Otero plazan jarriko duten domo geodesiko baten barruan egingo dituzte.

Donosskino-Jaialdia-Zinea-01Film laburretara mugatzen den Gipuzkoako hiriburuko ekitaldi bakarra da oraingoz Donosskino. Gainera, filmak ohiko aretoetatik atera eta domo geodesiko egitura batean eskainiko dituzte, 60ko hamarkadako zinema ibiltariaren ideia berreskuratuta. Hamalau metroko diametroa eta zazpi metroko altuera ditu, eta 170 lagunentzako tokia. Egiako Blas de Otero plazan jarriko dute, eta ikusleek zinemaz gozatzeko modu klasikoaz gozatu ahal izango dute.

Deialdira 1.200 film labur aurkeztu dira, eta horien artean, 350 film nazional eta 641 nazioarteko hautatu dituzte Sail Ofizialean lehiatzeko. Zinemakiddo izeneko haurrentzako sailean, ordea, 213 film labur jaso dituzte.

Emanaldiez gain, dena den, sei eta hamabi urte arteko haurrentzako tailerrak ere egingo dituzte, eta Ismael Martín film laburren banaketan adituak masterclass bat eskainiko du.

Jaialdiari amaiera emateko, azkenik, tailerretan egindako lanak eskainiko dituzte Principe zinemetan egingo duten ekitaldian. Bertan izango dira Miren Aperribay, Jon Paul Arroyo, Menó Martín eta Iñaki Ortiz epaimahaikideak, eta lehen edizioko sariak banatuko dituzte. Ohorezko lehen garaikurra, halaber, Paco Sagarzazu aktorearentzat izango da, film laburren alorrean egindako ekarpenagatik.