Sopela Kosta Fest jaialdira lanak aurkezteko epea zabalik!

Surfaren inguruan eraikitako jaialdia da Sopela Kosta Fest, eta laugarren edizioa irailaren 21etik 24ra egingo dute. Kirola, musika, ingurumena eta baita zinema ere, bilduko ditu ekimenak, eta bertan eskainiko dituzten film laburrak aukeratzeko deialdia zabaldu berri dute, irailaren 3ra arte.

Sopela-Kosta-Fest-Zinea-03Surfa eta natura ardatz dituzten 30 minutu azpiko filmak aurkez daitezke deialdira, eta parte-hartzea erabat doakoa da. Lanak YouTube, Vimeo… bezalako plataforma batera igo behar dira lehenik, eta ostean lotura hori eta formularioan galdatutako gainerako datuak helarazi behar dira irailaren 3ra arte.

Saritutako lanek, diru-sari potoloak ez ezik, Sopela Kosta Fest jaialdian eskainiak izateko aukera eskuratuko dute. Lehen saria 500 eurokoa izango da, herriko egile onenak 250 euro jasoko ditu, eta Taula Lila saileko irabazleak (emakumezkoek zuzendutako lanen kategoria) beste 250 euro irabaziko ditu.

Informazio gehiago eta lehiaketako oinarriak Sopela Kosta Fest jaialdiaren orrian topatuko dituzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude