Nafarroako Gobernuak film luzeen ekoizpenerako laguntza deialdia kaleratu du

Nafarroako Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak Generazinema Film Luzeak: 2017an eta 2018an film luzeak produzitzeko diru-laguntzen deialdia kaleratu du. Fikzioak, animazioak zein dokumentalak aurkez daitezke deialdira, 60 minutu baino gehiago iraun behar dute, eta emanaldi komertzialak egitea izan behar dute helburu. Deialdira aurkezteko epea uztailaren 14an amaituko da.

Nafarroa-Zinema-Laguntza-Zinea-Slide

Urteko 152.500 euro bideratuko ditu Nafarroako Gobernuak 2017an eta 2018an zinemagintza ekoizpenera, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren gastuen aurrekontuaren kargura. Eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bat aurkeztu ahal izango du, eta errodajea urte bakoitzeko urriaren 31 baino lehen hasi beharko dute.

Laguntza jaso ahal izateko, proiektuek, gutxienez, ondorengo baldintzetako bi bete beharko dituzte:

  • Proiektuaren zuzendaria nafarra izan behar da, ala Nafarroan erroldatuta egon beharko du 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik.
  • Ekoizpen etxeak egoitza fiskala Nafarroan izan behar du filma egiteko prozesu osoan zehar.
  • Filmaren % 40, gutxienez, Nafarroan errodatu behar da, eta animaziozko proiektu bat bada, baliabide teknikoen eta giza baliabideen % 40 Nafarroan ezarrita egon beharko da.
  • Filmaren gaiak lotura zuzena eta nagusia izan beharko du Nafarroarekin.

Proiektuak baloratzerako orduan, bestetik, kalitatea eta interes artistikoa (40 puntu), proiektuaren bideragarritasuna eta koherentzia ekonomikoa (30 puntu), Nafarroan filmatutako zatien ehunekoa (10 puntu), Nafarroako enpresa eta giza baliabideen kopurua (8 puntu), gaiak Nafarroarekin duen lotura (7 puntu) eta euskararen erabilera (5 puntu) hartuko dituzten kontuan.

Eskaerak egiteko epea uztailaren 14an itxiko dute, eta segidan kontsulta ditzakezue deialdiaren oinarriak eta eskaera egiteko bideak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude